Arrizabalaga eta Galeano nagusitu dira Antiguako Pilota Txapelketan
Gizonezko promesetan, Apezetxea-Landa bikoteak lortu zuen garaipena; seniorretan, berriz, Amiano-Apezetxeak.
Olatz Arrizabalaga, asteazkeneko partidako une batean. (Argazkia: Kirolzale) Larunbateko euriteek finalak atzeratu ondoren, asteazkenean jokatu ziren 75. Antiguako Pilota Txapelketako finalak. Emakumezkoetan, Arrizabalaga-Galeano bikoteak lortu zuen txapela, Garai-Capellani 23-21 irabazita.
Garai eta Capellan hobeto sartu ziren partidara, eta bazirudien eurena izango zela txapela, 13-21 jarri baitziren aurretik. Alabaina, azken tanto hori egin gabe geratu ziren, bikote irabazleak erreskadan egin baitzituen hortik aurrerako tanto guztiak. 21-21 zihoazenean, epaileek gogorarazi zieten zein zen txapelketaren araudia: bi tantoko aldea lortzen zuen bikoteak edo 25era iristen zenak lortuko zuen txapela. Azken bi tantoak ere eurenganatuta, Arrizabalagak eta Galeanok lortu zuten finala irabaztea: 23-21.
Gainontzeko bi kategorietan, berriz, gizonezko promesetan Apezetxea-Landa bikoteak irabazi zuen txapela, Egiguren-Bernaola bikoteari aise gailenduta: 22-11. Azkenik, seniorretan Amiano-Apezetxea 22-16 nagusitu ziren Fernandez-Oliden bikotearen aurka. Iaz ere bi pilotari horiek gailendu ziren pilota txapelketan, baina Amianok promesen kategorian irabazi zuen.

