Bakardadeari kanta berria Merina Grisek: 'Inor ez negar egiten dudanean'
Merina Grisek bonba berria dakar besapean: Nadie cuando lloro (Inor ez negar egiten dudanean). Iazko martxoan kaleratu zuten euren lehen lan luzea, eta ordutik hainbat bertsio kaleratu dituzten arren, hau da urte eta erdian argitaratu duten lehen kanta berria.
Eta ez da edonolako kanta. Kolaborazio berezi batekin egin dute oraingoan: Atarrabiatik (Nafarria) datorren Igotz Mendez gaztearekin, HOFE ezizenez ezaguna. Hofe da, gainera, aurkeztu duten bideoklip zainduaren protagonista; letra onak egiteaz gain, aktore plantak badituela erakutsiz: “Zarata gutxi, duende mordo / gauzak amaitzen dira, artea geratzen da”.
Nadie cuando lloro kantan, Merinatarrek euren zigilua den pop zakar eta tristeari buelta bat gehiago eman diote, bakardadeari buruz abestuz, modu goibel eta gordinean: “Barre egiten ikusi banauzu, negarrez ikusiko nauzu / Maitatu nahi dut, ez beharra izan”.
Kantaren ekoizpen elektroniko landua da Merina Grisen giltza. Kasu honetan, lehen aldiz, JEWLN-ek sinatzen du ekoizpena, Julen Idigoras donostiarrak, hain zuzen. Nahasketen arduraduna, oraingoa ere, Ed is Dead ekoizle madrildarra izan da.
Maitane Campos zuzendari gaztearen gidaritzapean grabatu dute bideoklip ikusgarria, eta bertan Mendez agertzen zaigu, bere mugen kontra, Merina Griseko kideek laguntzen duten bitartean. Ohikoa duten zakarkeria eta sentsibilitatea agertu dute oraingoan ere, eta bideoak are gehiago indartzen ditu sentimenduok.
Merina Grisekoek uda kontzertuz kontzertu eman dute, eta, oraintxe bertan, Serbian ari dira hainbat kontzertu eskaintzen. Kanta berriak noiz helduko zain itxarongo dugu hemen.