Jolastokieta bizirik mantentzeko jaiak
Ostiralean botako dute txupinazoa Jolastokietan, eta igandera arte jarduerez beteko dute Altzako auzoa bizilagunek. Ordea, astelehenetik hasiko dira kirol eta kultur jarduerak auzoa girotzen.
Haurrak Jolastokietako jaien ekitaldi bat ikusten. (Argazkia: Jolastokietako jai batzordea) Uda bukatzen ari da, eta, horrekin batera, auzoetako jaien azken txinpartak ari dira heltzen. Altzan jada ospatu dituzte Oletakoak, Larratxokoak, Buenavistakoak eta Herrerakoak, eta, orain, urteko azkenak datoz: Jolastokietakoak.
Miguel Angel Diez ibili da aurten ere jaien antolakuntzan, iaz azkeneko urtea zuela esan zion arren hedabide honi. «Iaz 35. urtea nuen antolakuntzan, eta uzteko gogoa nuen harrezkero. Ordea, jende gehiago sartu da, eta ni soilik laguntzen ari naiz».
Diezek kontatu duenez, hainbat berrikuntza izango dituzte. Nabarmendu duen lehen ikuskizuna Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoena izan da. Diezen iritziz «ospe handia dute pailazo hauek, eta auzoan onarpen handia dute». Horregatik, espero du egitarauko jarduera jendetsuenetako bat izatea.
Sagardoa, sagardozaleen omenez
Sagardo eguna da Diezen ustez huts egin ezin daitekeen beste hitzorduetako bat, igande arratsaldean. Juanjo Matxinandiarena zenaren omenez antolatuko dute Sagardo eguna, zortzigarrenez. Diezek azaldu duenez, auzoan oso inplikatuta zegoen Matxinandiarena, jaien antolakuntzan eta beste: «Bera oso sagardozalea zen, eta omenaldi ezin hobea zen bere izena jartzea sagardo dastaketa honi».
Lehenago, eguerdian, paella solidarioa egongo da Aurrera Markelekin elkartearekin elkartasunez, GNA01 gaixotasuna ikertzeko lanean ari den elkartea.
Jaiak, elkartzeko
Aurten ere, jaietarako gogo handiak daudela sumatzen du Diezek: «Jendea etengabe ari da galdetzen bazkariko tiketengatik eta abar». Gogo bizi horren atzean, «sozializatzeko gogoa» dago Diezen ustez. «Jolastokieta, lotarako auzo bat da askorentzat. Urtean zehar, bizilagun gehienak lanetik etxera eta etxetik lanera dabiltza, eta ez dugu elkar egoteko aukera handiegirik. Jaiak horretarako ezin aproposagoak dira: lau egunetan zehar urte osoan ikusten ez dituzunak ikusten dituzu, eta aukera duzu haien berri izateko, zer moduz dauden galdetzeko eta abar».
Eta ez hori soilik. Diezek kontatzen duenez, urte osoan zehar bizilagunek dituzten kexa eta eskariek lekua hartzen dute, eta iritzi eta proiektu ugari sortzen da elkarren arteko eztabaidan. «Horregatik dira ezinbestekoak jaiak auzoetarako: auzoak bizirik mantentzen dituztelako!».


