Poesia eta antzerkiarekin oroituko dira frankismoaren biktimak
Donostiako Memoria Historikoaren egunaren harira, Federico Garcia Lorcaren poemetan oinarritutako ikuskizuna antolatu du udalak hilaren 13an.
Asteazken honetan, hilak 13, 87 urte beteko dira tropa frankistek Donostia hartu zutenetik. Data hori baliatuta, bi ekitaldi antolatu ditu udalak Donostiako Memoria Historikoaren egunean biktimak oroitzeko: eguerdian lore eskaintza egingo du udalbatzak, eta arratsaldean, Federico Garcia Lorcaren poemetan oinarritzen den ikuskizun antzeztua eskainiko da Udal Batzar aretoan.
Aurreko urteetan egin den moduan, aurten ere 12:00etan bilduko dira ordezkari politikoak memoria historikoaren elkarte eta biktimen senideekin Lasta plazan, gerra zibilean eta diktaduran hildakoak omentzen dituen Dual eskulturaren aurrean. Lore eskaintzaz gain, Kukai Dantza taldeak pieza bat eskainiko du biktimen oroimenean.
Arratsaldean, Federico Garcia Lorcaren azken poemak gorpuztuko dira. Sonetos del amor oscuro Granadako poetaren hilketatik 50 urtera topatu ziren 36 testu dira. Horietako hamaika izango dira emanaldiaren abiapuntu, eta argitaratu arte egindako ibilbidea azalduko dute hainbat pertsonaien bitartez.
Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan izango da eta parte hartu ahal izateko gonbidapena eskatu beharko da irailaren 13a baino lehen, 943-48 38 98 telefono zenbakian edo giza_eskubideak@donostia.eus helbide elektronikoan.