Goiak begi onez ikusten du Basque Culinary Centerrek abiatu duen bilera sorta
Asteazken honetan Uliako auzo elkarteak antolatu duen mahai ingurura ez dela joango aurreratu du: "Ezin dut, beste gauza batzuk dauzkat".
Eneko Goia alkateak positiboki baloratu du Basque Culinary Center (BCC) fundazioak ostegun honetan hiriko hainbat eragilerekin abiatu nahi duen bilera sorta. “Ondo iruditzen zait BCCk ekimena hartzea. Hori da bidea”, esan du Goiak.
Alkatearen arabera, fundazioak berak azaldu ahalko ditu inork baino hobeto proiektuaren xehetasunak, “berak garatu baitu proiektua”: “Ez bakarrik arkitektonikoki, baizik eta baita edukien aldetik eta auzoan nolabaiteko lotura lortzeari dagokionez”. Gainera, nabarmendu du “jakitun” dela BCCk hiritarrak informatzen jarraitzeko asmoa duela.
Bilerara gonbidatu dituzten eragileek, ordea, ez dute BCCren mugimendu hori batere egoki ikusi. Haritzalde Naturzaleen Elkarteari “greenwashing eta marketing jarduera bat” iruditu zaio, eta Uliako auzo elkarteak proposamena “berandu” iritsi dela aipatu du.
Hain justu, auzo elkarteak eztabaida antolatu du bihar (hilak 13) Okendo Kultur Etxean, eta BCCko ordezkariei ere bertara joateko gonbita luzatu die, ““auzotarrek gai honen inguruan informazioa jasotzeko”. Ildo horretatik, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei ere bertaratzeko deia egin diete, eta horretarako aulki bat gordeko zaie. Eneko Goia alkateak, ordea, ez dela joango aurreratu du. “Gonbidapena jaso dut, baina ezin dut, beste gauza batzuk dauzkat”, argudiatu du.