Amaia Abanda ikertzaile donostiarrak irabazi du Gladys Saria
Puntueus fundazioak jakinarazi du Amaia Abanda ikertzaile donostiarrak (Donostia, 1989) irabazi duela III. Gladys Saria. Epaimahaiak nabarmendu du Abandak disziplina bat baino gehiago menderatzen dituela, izan ere matematikaria da ikasketaz, baina arlo informatikoan ere badabil.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) burutu zituen Matematika ikasketak, eta Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen 2014-2015ko ikasturtean EHUn. Ondoren, Basque Center of Applied Mathematics (BCAM) eta EHUko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group (ISG) taldeen artean burutu zuen tesia aurkeztu zuen 2022an. Gaur egun, Tecnalia ikerkuntza zentroan egiten du lan, ikertzaile gisa.
Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatzen dute Gladys Saria, Gipuzkoako Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundearen eta Danobatgroup industria taldearen babesarekin, eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin. Emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratzeko helburuarekin sortu zuten saria, 2021ean, Gladys del Estal informatikari eta militante ekologista ezagunaren omenez.