Donostia Apain egitasmoa Bidebietara iritsiko da
Donostia Apain egitasmoak auzoetara zabaltzen jarraitzen du. Loiola, Altza, Martutene eta Amara apaindu ondoren, Bidebietaren txanda izango da orain. Lau mural egingo dituzte auzoko lau leku esanguratsutan: Kontadores eraikinean, kiroldegian, frontoian eta fatxada pribatu batean. Muralak egitearen ardura izango duten artistak Zësar Bahamonte, Xoana Almar, Sandra Garaioa eta Zebrak kolektiboa izango dira. Lanak bihar (hilak 15) hasiko dira, eta urriaren hasierarako amaitzea espero da.
Egitasmo honen lehen urratsak 2019an hasi ziren, Loiola Apain izeneko hiri topaketekin. Horien arrakasta ikusita, pixkanaka-pixkanaka egitasmoa hiriko beste auzoetara zabalduz joan da, eta aurten Bidebietan egitea erabaki dute. Esku hartzeak Intxaurrondo Kultur Etxetik koordinatu dira, eta artistak aukeratzeko Zaldi Urdina Arte Eskolaren aholkularitza izan dute.