Ostatu turistikoen gaineko proposamena motz geratzen dela dio EH Bilduk
EH Bilduk balorazioa egin du udalak proposatu duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketen harira. Koalizio abertzalea “positiboki harritu” du proposamenean ageri diren zenbait gaik, aspaldiko eskakizun batzuk udal gobernuak bere egin dituela ulertzen baitu, baina nabarmendu du proposamena “berandu” iritsi dela, eta “motz” geratzen dela.
Izan ere, proposamenak tentsio handiko eremuak zehazten ditu, baina horiek nahikoak ez direla iritzi dio EH Bilduk, eta auzo gehiagotara zabaldu beharko litzatekeela dio. Gainera, proposamenak gune horietan ere lizentzia berriak emateko aukera jasotzen duela kritikatu du —Elkarrekin Donostiak irakurketa bera egin du—, besteak beste, komentuak eta etxe babestuak hotel bihurtu ahalko liratekeelako.
Hain justu, Juan Karlos Izagirre bozeramaileak aipatu du udalaren proposamenak mota horretako eraikinak babesteko aukera bakartzat duela hotelak egitea, ondarea eta kultura babesteko aitzakiapean. Rikardo Burutaran zinegotziarentzat ere proposamenak zehazten dituen salbuespenak dira “harrigarrienak”, orain indarrean dagoen moratoriak baimentzen ez dituen birmoldaketak baimenduko lituzkeelako. “Hori atzerapausoa da”, adierazi du Izagirrek.
Era berean, etxebizitza turistikoetan ere arreta handiagoa jarri beharko litzatekeela nabarmendu dute alderdi soberanistaren bi ordezkariek, pisu horietako batzuk lizentzia eduki bai, baina erabiltzen ez dutelako. Hori ekiditeko, ikuskatze gehiago egitea proposatu dute, “irregulartasunak detektatzeko”.