Fantasia eta Beldurrezko Zinema Asteko lehen filmak iragarri dituzte
'Blood' (2022) filma izango da Sail Ofizialean lehiatuko den lanetako bat. (Argazkia: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) Urriaren 27tik azaroaren 3ra 34. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea egingo da, eta bertan ikusgai egongo diren lehen filmak iragarri dituzte. Zinema astea Vermines film frantsesak irekiko du. Lanak armiarma pozoitsu batzuk ditu oinarri, eta Veneziako Zinemaldiko Kritikaren Nazioarteko Astea ixtetik dator.
Era berean, Sail Ofizialean lehiatuko diren lehen film luzeen izenak ere argitaratu dituzte. Banpiroak, deabruak, gaixotasun arraroak eta horrelako filmetan ohikoak diren antzeko gaiak jorratuko dituzte lanok.
Beldurrolan izena emateko epea, zabalik
Bestalde, zinema astearen testuinguruan jokatuko diren Beldurrola partidetan izena eman daiteke dagoeneko. Bigarren urtez jarraian antolatu dute, eta sorginei buruzko rol jokoak euskaraz jokatu ahalko dira. Urriaren 19an eta 20an Egia Kultur Etxean izango dira partidok, eta urriaren 21ean eta 22an Ebla liburu dendan. Partida bakoitzaren iraupena bi eta hiru ordu ingurukoa izan ohi da, eta hiru eta bost pertsonaren artean joka daiteke.


