
Donostiarrako mutilek eman dituzte denboraldiko azken paladak, eta laugarren postuan bukatu dute liga. Larunbatean Bermeoko Bandera izan zuten jokoan, eta etxekoek irabazi bazuten ere, Donostiarrarekin lehia bizia izan zuten azken luzeraino; Urdaibaik 19:31.18 minutuan bukatu zuen estropada, eta bost segundo beranduago helmugaratu zen Donostiarra. Igandean, Portugaleteko uretan lehiatu ziren, baina Donostiarra ez zen horren fin ibili, eta laugarren bukatu zuen estropada, Zierbena txapeldunetik 28 segundora (19:50.56ko denbora egin zuten donostiarrek). Horrela, Urdaibaik irabazi du liga (204 puntu), eta Donostiarrak 163 punturekin amaitu du, laugarren postuan.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek oraindik ez du denboraldia hasi, baina denboraldiaurreko txapelketa garrantzitsuetako bat irabazi du: Euskal Kopa. Hain zuzen ere, Gernikari 69-57 irabazi zion igandean. Donostiarrek bi urtez jarraian irabazi dute horrela txapelketa hori.
Futbolean, Realeko neskek ligako lehenengo partida jokatu zuten igandean, greba bertan behera utzi ostean. Granadaren etxean aritu ziren txuri-urdinak, eta ezin izan zuten punturik batu, 2-1 galdu baitzuten. Andrea Gomezek (8. minutuan) eta Edna Imadek (58. minutuan) sartu zituzten etxekoen golak, eta Amaiur Sarriegik Realarena (26. minutuan); Ane Etxezarreta txuri-urdinak txartela gorria ikusi zuen 31. minutuan, eta horrek partida baldintzatu zuen.
Mutilei dagokienez, emaitza berarekin itzuli ziren Madriletik, Real Madrilen etxean 2-1 galduta. Azkar aurreratu ziren markagailuan Alguacilen mutilak, Barrenetxeak bosgarren minutuan egindako golari esker; ordea, etxekoek buelta eman zioten markagailuari bigarren zatian: Valverdek berdinketaren gola egin zuen 46. minutuan, eta Joseluk garaipenarena 60.ean.
Eskubaloian, Bera Berak Atletico Guardesi irabazi zion etxean larunbatean: 32-23. Aurten ere ligaren bila doazela erakusten ari dira Donostiakoak, gainontzeko taldeak baino partida bat gutxiago jokatuta, hirugarren postuan baitago ligan.
Belar hockeyan, liga porrot batekin hasi du Realak, 1-3 galdu baitzuen etxean igandean, Poloren aurka. Lucia Casadok sartu zuen txuri-urdinen gola.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen Euskal Kopa
- Ibaeta Basket 69 – Gernika 57
Futbola
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Real Madril 2 – Reala 1
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Granada 2 – Reala 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Bera Bera 32 – Atletico Guardes 23
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Reala 1 – Polo 3