Noa & The Hell Drinkersen disko berria kalean da
Noa & The Hell Drinkers talde donostiarrak kaleratu du bere hirugarren diskoa: Hell’s The New Heaven. Zazpi abesti propioz osatutako blues-rock diskoa da, abesti batzuetan soul eta funk musikak ukitzen dituena. Asteburuan Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten, eta hilaren 30ean Donostian aurkeztuko dute, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan; sarrerak hemen erosi daitezke. Spotify, Youtube eta Apple Music plataforma digitaletan dago entzungai. Bestalde, diskoaren azalean Noa Egiguren abeslariaren oina ikusten da, eta Itziar Basterrak Donostiako zuzeneko batean egindako argazki bat da.
2016an jaiotako taldearen hirugarren diskoa da, Noa Voll Damn & The Hell Drinkers (2018) eta Craft Blues (2019) argitaratu ostean. Berriki, taldeak bere ibilbideko mugarri handiena lortu du: European Blues Challenge Europako blues txapelketa handia irabaztea. Txapelketarako hautatuak izan ostean, hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen taldearekin.
Noa Egiguren Arretxea donostiarra da taldearen sortzailea, burua eta abeslaria, eta, gaur egun, Paul San Martin Beldarrain pianista donostiarra, Manu Gestido Martinez baxu jotzaile pasaitarra, Gonzalo Portugal Alvarez gitarrista bilbotarra eta Ibai Ros bateria jotzaile nafarra ditu bidelagun.