Googlerik gabeko alternatibak arakatuko dituzte aurtengo Euskarabilduan
Ibai Zabaleta Hirikilabs-eko kidea, 2019ko Euskarabildua jardunaldian. Euskarabildua jardunaldien 12. edizioa aurkeztu dute Iametzak, Ametzagaiñak eta Argia-k, elkarlanean. Utopiatik egunerokora. Google gabe, aukera burujabeak badira izango da aurtengo jardunaldien izenburua. Bertan, erraldoi teknologikoari alternatibak bilatuko dizkiote, batez ere hezkuntza arloan. Urriaren 26an izango da, San Telmo museoan.
Jardunaldiak egunerokoan baliagarri diren hainbat tresna ezagutzera emango ditu, “norberaren beharretara parametrizagarriak izan daitezkeenak, datuen pribatutasuna plataforma handien aldean babesten dutenak eta euskaraz ere erabilgarri daudenak: Nextcloud, edozein erakunde edo enpresentzako bulego birtuala, Oddo ERP sistema eta marketin digitalerako Mailtrain softwarea, besteak beste”.
Honela, Euskarabilduak, teknologia burujabetzaren eztabaidan urrats bat eman nahi du, euskaraz baliagarriak diren teknologien aurkezpen eta garapenean lagunduz.
Euskarabildu jardunaldiek komunikazio eta informazio teknologiak eta euskara lotzen dituzte. 2012an sortu zen lehen aldiz, eta azken urteetan teknologia burujabetzaren ildoa landu dute. Izen ematea zabalik da dagoeneko.

