Zinemaldiko sei film lehiatuko dira Agenda 2030 sarirako
Bigarren urtez, jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filma nabarmenduko du Donostiako Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzarekin batera sortutako Agenda 2030 Euskadi Basque Country sariaren bitartez. Nazio Batuen 2030 Agendak bultzatzen dituen garapen jasangarriaren ikur bila arituko dira, beste behin, tokiko eta nazioarteko oihartzuna duen ekitaldi bat izanda, “pedagogia egiteko toki egokia” baita, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak azaldu duenez. Berritasun gisa, The Royal Hotel filmaren egile den Kitty Green zinemagile australiarraren mintzaldia izango da aurten Zinemaldiko hizketaldietan, eta zinemaren botere eraldatzaileari buruz mintzatuko da.
Lehian ariko diren filmetako bi Sail Ofizialekoak dira: Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt eta Kitty Greenen The Royal. Gainerako laurak, berriz, Perlak sailetik datoz: Aku wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist, Ryusuke Hamaguchirena; Io Capitano / I’m Captain, Matteo Garronek zuzendariaren filma; Bâtiment 5 / Les Indésirables (Los indeseables), Ladj Lyrena; eta The Zone of Interest, Jonathan Glazerrena.
Epaimahaiari dagokionez, Greta Fernandez aktore katalanak (Zilarrezko Maskorra, La hija de un ladrón filmean egindako lanagatik), Loreto Mauleon aktore donostiarrak (Platino eta Feroz bat, Patria-n egindako lanagatik) eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialeko zuzendariak osatuko dute.
Aurtengo garailea irailaren 28an ezagutuko da, arratsaldeko 19:00etan Tabakalerako Priman egingo duten ekitaldian, eta 20.000 euroko saria irabaziko du.