EAJk «taktika trumpistak» erabiltzea egotzi dio EH Bilduri, hark hauteskunde iruzur zantzuak salatu ondoren
PSE-EEk onartezintzat jo du EH Bilduren salaketa, eta "antzezteari" utz diezaiola eskatu dio.
EAJk EH Bilduk argitaratutako informazioari erantzun nahi izan dio ohar bidez. Ekialdeko Barrutiari dagokion hauteskunde kontaketa udaleko idazkaritza juridikoak egiten duela gogoratu du, hiri partaidetza saileko teknikariekin batera.
Lehen kontaketaren ondoren, EH Bilduk alegazioak aurkeztu zituen, Ekialdeko Barrutiko bi sekzio kontuan hartu ez zirela iritzita, eta orain idazkaritza juridikoak ontzat eman du EH Bilduren erreklamazioa. Beraz, EAJk ukatu egin du hauteskunde iruzur saiakera egon izana, eta hauteskunde prozesuak “funtzionatzeko modu arruntari” jarraitu diola nabarmendu du.
EAJren ustetan, EH Bilduk egin dituen salaketak “oso larriak” dira, eta udalaren funtzionatzeko modua zalantzan jartzeko “taktika trumpistak” erabiltzea leporatu dio. “Ez dakit hurrengoa zer izango den, akaso udaletxea hartzea”, adierazi du Jon Insausti zinegotzi jeltzaleak, 2021eko urtarrilaren 6an AEBetako Kapitolioko istiluak gogoratuz.
Era berean, EAJk gogor jo du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailearen eta alkate ohiaren aurka: “Idazkaritza juridikoko eta hiri partaidetzako teknikariak seinalatu ditu, eta esaten ari zaie euren lana ez dutela ongi egin”. “Uste dugu alkate ohi batek edo udal talde batek ezin duela horrelako errespetu falta bat izan”, adierazi du alderdi jeltzaleak udal langileek egiten duten lanari erreferentzia eginez.
EAJren iritziz, ondorio “bakarra” da EH Bilduk ez zituela maiatzaren 28ko udal hauteskundeak irabazi, eta ez duela “herritarrek emandako hitza onartu nahi”.
PSE-EE ere haserre mintzatu da
Udal gobernuko beste taldeak, PSE-EEk, jeltzaleen ildo beretik hitz egin du.”Oso salaketa larria da, eta ez dugu onartuko”, adierazi du Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak, eta EH Bilduri eskatu dio “antzezteari” utz diezaiola.
Sozialistek nabarmendu dutenez, PSE-EEk aise irabazi zituen hauteskundeak Altzan, eta Bidebietan ere gailendu zen. Dena den, Intxaurrondon EH Bilduk PSE-EErekiko lortu zuen aldeak Ekialdeko Barrutiko alderdirik bozkatuena izatera eraman zuen alderdi soberanista (5.276 boto EH Bilduk eta 5.118 PSE-EEk).