Martxa hartzen hasi da Reala
Realeko jokalariak, Carlos Fernandezek sarturiko gola ospatzen. (Argazkia: Reala) Realak 0-1 hartu zuen mendean atzo Valentzia. Hala, denboraldi onetan lehenengoz bi garaipen jarraian kateatu ditu Imanol Alguacilen taldeak, eta sailkapeneko goiko postuetan egonkortu da: bosgarren tokian dago, hamabi punturekin. Atzokoa etxetik kanpo lortu zuen lehen garaipena ere izan zen.
Txuri-urdinek ez zuten partida ona jokatu, baina Carlos Fernandezek 32. minutuan sartutako gola nahikoa izan zen etxera hiru puntuekin itzultzeko. Lehen zatiaren hondarrean, epaileak Amallah egotzi zuen, Oiartzabali ukondoarekin aurpegian eman ondoren. Beraz, bigarren zati osoa bat gehiagorekin jokatu zuen Realak, baina ez zen gai izan nagusitasun hori jokoan eta markagailuan islatzeko, eta amaieran sufritu egin behar izan zuen.
Hurrengo partida asteburuan izango dute, Anoetan, eta ez da nolanahikoa izango: derbia jokatuko dute larunbatean Athleticen aurka, 21:00etatik aurrera. Athletic sasoi hasiera ona egiten ari da: laugarren tokian da, Reala baino bi puntu gehiagorekin. Atzo Getaferen aurka 2-2 berdintzetik etorriko da.

