San Bartolome kalearen zati bat itxiko dute, topoaren lanak direla eta
Astelehenetik aurrera Dbusen zenbait lineatan aldaketak eragingo ditu horrek.
Topoaren saihesbidea egiteko lanekin aurrera jarraitzen dutela adierazi du Euskal Trenbide Sareak (ETS). Hori dela eta, iragarri dute datorren astelehenetik aurrera San Bartolome kalea guztiz itxiko dutela, Easo eta Urbieta kaleen artean —duela hilabetetik jada trafikoa murriztuta zegoen puntu horretan—.
Hortaz, Aldapeta kaletik behera joaten diren ibilgailuek ezkerretara jo beharko dute ezinbestean, Easo kaletik. Amarako noranzkoa hartu nahi dutenek Arrasate kaleraino egin beharko dute lehenengo, eta bertan Urbieta kalera sartu. Oinezkoak, ordea, bertatik igaro ahalko dira. Lanek sei hilabete inguru iraungo dute, gutxi gorabehera, ETSk azaldu duenez.
Era berean, Easo kaleko 10. zenbakiaren inguruko lanekin jarraituko dutela ere aipatu dute. Topoaren geltokira jaitsiko den igogailu bat eraikitzen ari dira bertan, eta urriaren 3tik abendura arte espaloia eta errepidearen zati bat itxiko dituztela esan du ETSk. Kontrara, San Martin kaleko oinezkoentzako pasabideak berriz irekiko dituzte.
Dbusen aldaketak
Horrek guztiak Dbuseko zenbait lineatan aldaketak eragingo dituela iragarri du autobus konpainiak. 23 lineak (Errondo-Puio) eta 32 lineak (Puio-Errondo) ez dute San Bartolome kaletik zirkulatuko, eta Easotik, Askatasunaren hiribidetik eta Urbietatik jarraituko dute.
19 (Aiete-Bera Bera), 31 (Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza) eta B2 (Aiete-Bera Bera) lineek, aldiz, Easo kaleko 27. zenbakian izango dute geldialdia, eta 19. zenbakikoa ezabatuko dute.