Kaleko Afari Solidarioak taldeari elkartasuna adierazi dio Fermin Muguruzak
Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Bidasoa 2018-2023 dokumentala estreinatu zuen ostegun arratsaldean Principe zinema aretoan –gaur beste bi proiekzio egingo dituzte–, eta Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeari babesa adierazi zion.
Hain zuzen ere, estatuen arteko mugen eta politika arrazisten ingurukoa da Muguruzaren dokumentala, eta KAS taldeak mugak eta politika horiek pairatzen dituzten pertsona asko artatzen ditu Donostian –gauero, afariak banatzen dituzte kalean, hiru auzotan–. Horrela, taldeak elkarretaratzea egin zuen zinema aretoaren sarreran, eta Muguruzak beraiekin bat egin zuen.