Zinemaldia, Tiktok eta Casablanca

«Jo ezak berriro Sam, garai zaharrak oroitzeko». Ingrid Bermanek Dooley Wilsoni esandako esaldi mitikoa nola formulatuko genuke egun? «Dantza dezagun Bizcochito, Sam, garai zaharrak oroitzeko?». Ulertzen saiatu naiteke, baina urteak pasatuko dira, eta atzera begiratuta, galdetuko dugu ea zer ikusia zuten Zinemaldiak eta Tiktokek.
Aste magiko bat bizi du Donostiak zinema gora zinema behera —SSIFFeko sintoniari txalo egiten dion publiko atseginaren gozagarri–.
Baina hau ez da Casablanca. Eta hemen ez du inork faxismoa —edo, nola esan, bere aurpegi atsegina— borrokatzen. Zineman ikusten diren kritika sozialek, iraultzek eta asmo handiek ez dute ingurua blaitzen. Zinemaldia gauza ederra da, baina lan esplotazioan oinarritzen diren makrojaialdiekin bukatu beharra dago. Giza eskubideen defentsaz ahoa betetzen zaienentzat: Hamabi ordutik gorako lanaldiak ez dira legezkoak.
Entzun dezakegu Oteiza, bere gizonkote ipurterre ahotsarekin: «Artea ez da museoetarako, gizonentzako baizik!». Zinema berdin; zinemetatik atera, eta bizitzaren parte izan dadila, bizitza eraldatzeko. Eta astebete baino gehiago iraun dezala arteak bizitza hartzen duen hiria.