Jaione Cambordak irabazi du Urrezko Maskorra
Cambordaren 'O Corno'-k irabazi du 71. Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Zuzendari onenaren saria Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wangentzat izan da.
Jaione Camborda zuzendari donostiarraren O corno / The Rye Horn filmak irabazi du 71. Zinemaldiaren Urrezko Maskorra. Gainera, epaimahai ofizialak erabaki du zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang zuzendariei ematea, Chun xing / A Journey in Spring (Taiwan) filmagatik, eta gidoi onenaren saria, berriz, Maria Alcheri eta Benjamin Naishtati ematea, Puan filmagatik.
Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo jaso dute Marcelo Subiottok eta Tatsuya Fujik. Lehenak Alcheren eta Naishtaten Puan filmean jokatu duen rolagatik eta bigarrenak, berriz, Kei Chika-uraren Great Absence filmean egindako lanagatik. Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra, bestalde, Hovik Keuchkerianentzat izan da, Isabel Coixeten Un amor filmagatik. Isabella Eklöfek zuzendutako Kalak filmak argazki onenaren saria jaso du (Nadim Carlsenentzat izan da), bai eta Epaimahaiaren Sari Berezia ere.
Laugarren urtez jarraian, Urrezko Maskorra emakume batek lortu du. Aurretik, hauek lortu dituzte: Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020), Crai nou / Blue Moon (Alina Grigore, 2021) eta Los reyes del mundo / The Kings of the World (Laura Mora, 2022). Gainera, O Corno Ikusmira Berriak programatik datorren eta Sail Ofizialeko saririk garrantzitsuena irabazi duen lehen filma da. Ikusmira Berriak Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak antolatzen dute elkarrekin.
Beste sariak
Izan dira, noski, bestelako sari batzuk ere. Bahadur The Brave Diwa Shah zinemagilearen lehen filmak Kutxabank-New Directors saria jaso du, eta El castillo Martin Benchimolen lehen bakarkako film luzeak, berriz, Horizontes Latinoseko saria.
Zabaltegi – Tabakalera saria Eduardo Williamsen El auge del humano 3 / The Human Surge 3 filmarentzako izan da, eta Ulises de la Ordenen El juicio / The Trial filmak aipamen berezia jaso du.
Nest The Mediapro Studio saria California Institute of the Arts School of Film/Videoko Nehal Vyasen Amma ki katha film laburrak jaso du, eta sail horretako aipamen berezia Institut de Arts de Diffusioneko Marie Falysek zuzendutako Entre les autres filmarentzat (Belgika) izan da.
Edizio honetan berreskuratu den Culinary Zinema Film Onenaren Saria Tran Anh Hungen La passion de Dodin Bouffant / The Pot au Feu filmarentzako izan da, eta Eusko Label sari berria, berriz, Mikel Urretabizkaiak jaso du, lehena, Latxa filmagatik. Bigarrena Paolo Tizónek jaso du Soroborda filmagatik.
Gainera, Euskal Zinemaren Irizar saria El sueño de la sultana / Sultana’s Dream (Sultanaren ametsa) filmak jaso du, Isabel Herguera animaziozko filmen zuzendariaren lehen film luzeak. Bestalde, Fingernails Christos Nikouren bigarren filmak (AEB) –Sail Ofizialean lehiatu da hori ere– FIPRESCI saria irabazi du.
Donostia Hiria Publikoaren Saria, Perlak saileko ikusleek aukeratzen dutena, Veneziako zinema-jaialdia itxi zuen J.A. Bayonaren La sociedad de la nieve / The Society of the Snow filmarentzako izan da, eta Europako Film Onenaren Publikoaren Saria, aldiz, Io capitano / I’m Captain filmarentzako izan da. Matteo Garronek zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdian film horrekin eta Seydou Sarr-ek, aldiz, interprete gazte onenaren Marcello Mastroianni saria. Azkenik, New Dorectors saileko Javier Maciperen La estrella azul / The Blue Star filmak gazteriaren TCM saria lortu du.