PSE-EEk izango du Ekialdeko Barrutiko batzarreko lehendakaritza
Alkatearen eskumena da Ekiadeko Barrutiko lehendakaria aukeratzea, eta Eneko Goiak Carlos Garcia sozialista proposatu du kargu horretarako. Abuztuan egin zuen proposamen hori Goiak, udal hauteskundeetan barrutian boto gehien PSE-EEk lortu zituela argudiatuta, baina duela aste gutxi boto kontaketan akats bat egon zela jakinarazi zuen EH Bilduk.
Kontaketa berri hori aintzat hartuta, koalizio abertzaleak uste du berari dagokiola barrutiko lehendakaritza, boto gehien lortu dituen alderdia izaki, eta alkateari eskatu zion abuztuko proposamena bertan behera utz zezala.
Alkateak, ordea, adierazi du ez duela izendapena aldatzeko asmorik, eta udal gobernua osatzen duen koalizioak EH Bilduk baino boto gehiago dituela gogoratu du. Hori dela eta, Goiaren iritziz “zilegitasun osoa” du barrutiko lehendakaritza PSE-EEren esku geratzeak, eta Carlos Garcia sozialista izango da postu hori beteko duena. Lehendakariorde Martin Ibabe jeltzalea izango dela ere aurreratu du.
Pasa den asteko udalbatzarrean EH Bilduk salatu zuen gobernua ez dela proportzionalki banatzen ari udal ordezkaritza, eta Ekialdeko Barrutiko lehendakaritzarekin gertatu den moduan, antzeko kontuak ari direla gertatzen Donostia Kulturan eta Cristina Enea Fundazioan, esaterako. “Araudiak ezagutzen ditugu eta zilegia da, baina ez da emaitzak errespetatzea”, gaineratu zuen orduan Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak.