Kalapiek argi du: bidegorriak ez dira mugikortasun arazoen iturri
(Argazkia: Donostiako Udala) Aste honetan DBUSek ibilbideak aldatzea eta maiztasunak luzatzea aztertzen ari den albistea dela eta, Kalapiek oharra kaleratu du, hainbat kritika eginez. “Izugarri harritu gaitu bidegorriak eta bizikletak erruduntzat jo izanak autobusek jasaten dituzten atzerapenez”. Elkartearen ustez, “eztabaida faltsu bat sortzen ari da eta gure hiriak jasaten duen benetako arazoaz hitz egitea ekidin nahi da”. Hain zuzen ere, “beste hiri askotan bezala”, ibilgailu pribatu motordunak hartzen duen gehiegizko espazioa eta ematen zaizkion erraztasunak dira elkartearen ustez arazoaren muina.
Kalapiek gogora arazi hiriko espazio banaketa handiena ibilgailu motordun pribatuek eramaten dutela: “Hiriko edozein kaletan % 70-80ri buruz hitz egin dezakegu. Datuak aztertuz gero, bizikletei edo garraio publikoari eskainitako espazioa askoz txikiagoa dela ikusiko dugu. Gainera, espazio horren okupazioa ez da batere eraginkorra, espazio handia hartzen baita pertsona kopuru txiki bat garraiatzeko”.
Banaketa hori “normalizatuegia” dagoela uste du Kalapiek, eta beste alternatibak ez irudikatzea dakarrela uste du: “Kotxeak egongo ez balira toki hori espazio publiko, eremu berde edo mugikortasun iraunkorrei erraztasun handiagoak emateko espazioetara bideratu ahalko genuke. Besteak beste, garraio publikoa hobeto zirkulatzea eta ordutegiak betetzeko erraztasun handiagoa izatea ahalbidetuko luketen errei azkarren kopurua handitu ahal izango litzateke ere”.
Kalapiek garraio publikoa hobetu behar dela aldarrikatu du, baina hori ez dela izan behar mugikortasun aktiboaren kaltetan (oinez edo bizikletaz). Dei egin diete mugikortasun eragileei eta komunikabideei mugikortasunari buruzko “eztabaida benetan egon behar den tokian kokatzeko eta uzteko bizikletak gaitz guztien errudun bihurtzeari. Aukera aprobetxatzen dugu ibilgailu pribatu motordunentzat leku eta erraztasun gutxiago eta herritarrentzat, mugikortasun aktiboarentzat, berdeguneentzat eta garraio publikoarentzat erraztasun gehiago izango dituen hiria aldarrikatzeko”.

