Garagardo azoka bueltan da Egian
Hainbat urteren ostean, garagardo azoka berreskuratu dute Egian, Egialai euskal pilota elkartearen eskutik. Bost eguneko egitarau zabala antolatu dute, askotariko jarduerekin, eta jana eta edana ez dira faltatuko.

Porrontxo jaietatik hilabete beteko da hurrengo astean, eta Egiakoak prest daude berriz ere jai giroan murgiltzeko, datorren asterako garagardo azoka antolatu baitu Egialai euskal pilota elkarteak: «Porrontxoen osteko jaiak direla esan daiteke; Zumaiakoek badute jaien errepikapena, ez? Bada, guk aste batzuk itxaron ditugu horretarako», adierazi du barre artean elkarteko kide Ibon Yerobik.
Hainbat urtez, Egia Eskubaloia klubak eta Egia Bizirik auzo elkarteak antolatu zuten garagardo azoka auzoan, baina duela lauzpabost urte, antolatzeari utzi zioten. «Pentsamendu askotariko auzotarrak biltzen ziren garagardo azokan, eta giro polita egoten zen. Orain, Egialaitik ikusi dugu antolatu genezakeela, eta auzoan badagoela indarra eta gogora horretarako», azaldu du Yerobik.
Horrela, azoka indartsua antolatu dute, asteazkenetik igandera (hilaren 11tik 15era). Egialaiko kide Eneka Alvarezek nabarmendu duenez, ez dute dirua irabazteko asmoarekin antolatu: «Helburua da auzo bizitzari eustea, harremanak sustatzea eta desagertuta zegoen zerbait berreskuratzea. Baina, era berean, errealitatea da elkarte sortu berria garela eta gastu batzuk ditugula, besteak beste, frontoiaren erabilera kuota ez delako batere merkea».
Askotariko jarduerak
Bost egunetan, jai giroa egongo dira Plaza Haundin, eta Yerobik kontatu du auzoko beste eragile batzuekin batera antolatu dituztela hainbat jarduera: «Haurrentzako jolasak Antxetakoekin antolatu ditugu, Egia Zeinukakoekin azokari hasiera emango dion keinu poteoa antolatu dugu garagardoa keinu hizkuntzan nola eskatu azalduko duten txartelak jarriko ditugu barran, baita ere eta Gordegiarekin erakusketa bat antolatu dugu, non, besteak beste, ikusiko den Egian historikoki zer frontoi egon diren».
Asteazkenean irekiko dute azoka, 18:00etan, eta handik ordubetera hasiko dira keinu poteoarekin. 21:00etatik aurrera, auzoko hainbat musikari joango dira oholtzara igotzen, gaua girotzeko.
Ostegunean, goizez zein arratsaldez egongo da irekita gunea: goizean haurrentzako jolasak egongo dira, bazkalostean mus txapelketa eta Madame Birrots talde beratarraren kontzertua arratsaldean: «Neskez osatutako taldea da, saiatu baikara, ahal izan den heinean, oholtzaren gainean parekidetasuna bermatzen», azaldu du Alvarezek.
Azoka gauera arte irekita egongo denez, ostiralean arratsaldean irekiko dute, eta sokatira txapelketarekin hasiko dute arratsaldea. Ondoren, Andoni Ollokiegik joko du, beraz, Alvarezen hitzetan, «festa ziurtatuta dago».
Larunbatean, goizez zein arratsaldez egongo da irekita azoka, eta goizean jarduerak egingo dituzte frontoian, Egialaikoek nabarmendu dutenez, «frontoiaren erabilera sustatzeko». Bazkalostean, La Jodedera taldeak joko du: «Batzuetan, ohiko garagardo azokatik aterako gara, mojitoak egongo baitira La Jodederaren kontzertuan, konbinatuak bazkalosteetan, eta abar», kontatu du Alvarezek. Gauean, Eskatu zure kanta ekitaldia antolatu dute: «Artzai eta Kattalin auzotarrak izango dira arduradunak, eta jendeak nahi duen kanta eskatu beharko die; dibertigarria izango da, parranda pixka bat egiteko», azaldu du Yerobik.
Igandean, larunbat gaua gehiegi luzatu ez dutenek (edo goizera arte luzatu dutenek) tokan jolasteko aukera izango dute goizean, trikitilariek girotuta. Arratsaldean, auzolanean desmuntatuko dute azoka.
Menu zabala eta hamar garagardo mota
Jarduerez harago, garagardo azoka batean ezinbestekoak dira kalitatezko garagardoa eta janari alemana. Horrela, otorduak catering zerbitzu baten bidez eskainiko dituzte, eta honako jaki hauek eskatu ahalko dira: txorizo eta kroketa pintxoak, tomate entsalada eta entsalada mistoa, txerri ukondoa patata purearekin, bi saltxitxa mota patata purearekin, oilasko izterrak patatekin, gazta tarta eta izozkia.
Sukaldea egunero irekita egongo dela gaineratu du Alvarezek: «Asteazkenean, afaltzeko aukera egongo da, ostegunean bazkaltzeko eta afaltzeko, ostiralean afaltzeko, larunbatean bazkaltzeko eta afaltzeko eta igandean bazkaltzeko. Bestalde, bazkaltzeko orduan, 12:00etatik 16:00etara egongo da irekita sukaldea, eta 19:00etatik 23:00etara afaltzeko orduan.
Garagardoari dagokionez, guztira hamar desberdin eskainiko dituzte, tartean alkoholik gabekoa eta glutenik gabekoa, Yerobik azaldu duenez: «Gehienbat, Euskal Herrian sortutako garagardoak eskainiko ditugu: Imparable, Santa Clara, Apatxe eta bi motatako Salve garagardoa. Kanpotik ekarritakoak ere egongo dira: Paulaner, Guinness eta Murphys. Litro erdiko garagardoak izango dira, batzuk 3 euroan, beste batzuk 4 euroan eta beste batzuk 5 euroan». Hain zuzen ere, janarian zein edarian «prezio ahalik eta herrikoienak» jartzen saiatu direla nabarmendu dute.
Egialai bultzatzeko azoka
Egialai elkartea martxoan sortu zuten, eta oso harrera ona izan du auzoan, bazkide ugari lortu baitituzte dagoeneko, eta antolatu dituzten jardueretan jende ugarik hartu du parte. Horrela, garagardo azokaren bidez elkarteari bultzada ematen jarraitu nahi dute, hasierako helburu berarekin: «Udalak ikustea Egiak frontoi ireki bat behar duela, hemen behar bat dagoelako».