Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?
Kirol emaitzak

Garaiezin jarraitzen du Txuri Urdinek

txuri Txuri Urdineko neskak. (Argazkia: Txuri Urdin)

Hirutik hiru; Txuri Urdineko neskek ezin zuten liga hobeto hasi, oraindik ez baitute porrota ezagutzen. Asteburuan ligako hirugarren jardunaldia jokatu dute etxean Puigcerdaren aurka, eta hirugarren garaipena jarraian eskuratu dute, 5-1 irabazita (1-0, 3-0 eta 1-1). Horrela, ligako liderrak dira, Puigcerda bigarrenari bi puntu aterata. Bestalde, Txuri Urdineko mutilek ere Puigcerdaren aurka jokatu dute asteburuan, baina etxetik kanpo. 5-6 irabazi dute, eta bigarren jardunaldian galdu ostean, lehenengo jardunaldiko sentipen onak berreskuratu dituzte. Ligako bigarren sailkatuak dira donostiarrak.

Futbolean, Realeko mutilek Atletiko Madrilen etxean jokatu zuten igandean, eta partida ona egin bazuten ere, porrotarekin itzuli ziren Donostiara. Etxekoak aurreratu ziren 22. minutuan, Linoren gol bati esker, baina txuri-urdinak etengabe saiatu ziren neurketa berdintzen. 73. minutuan iritsi zen, Oiartzabalen golari esker; forma berreskuratzen ari da kapitaina. Ordea, Griezmannek etxekoen bigarrena sartu zuen 89. minutuan, epaileak jokaldi eztabaidagarri batean penalti adierazi ondoren. Bestalde, Realeko neskek ezin izan zuten ezer egin Bartzelonaren etxean, eta 3-0eko emaitzarekin itzuli ziren Donostiara. Grahamek sartu zituen lehenengo eta hirugarren golak (8. eta 84. minutuetan), eta Alexia Putellasek bigarrena, 52. minutuan. Ligako zortzigarrenak dira Realeko neskak, eta seigarrenak mutilak.

Saskibaloian, Ibaeta Basketek nagusitasun handiz irabazi du Celtaren etxean asteburuan: 55-93. Ligako bi jardunaldi jokatu dira, eta biak irabazi dituzte donostiarrek, bolada on batean murgilduta baitaude. Sailkapeneko bigarrenak dira. Bestalde, Gipuzkoa Basketek asteburuan hasi du liga, baita porrot batekin hasi ere: 75-68 galdu du Lleidaren etxean.

Eskubaloian, Bera Berak ez dauka garaipenaren bidea uzteko asmorik, eta 22-32 irabazi dio Elxi asteburuan. Horrela, lidergoari ate joka dabiltza donostiarrak, hirugarren postuan baitaude, Elxekin, Valladolidekin eta Malagarekin puntuetara berdinduta.

Azkenik, belar hockeyan, Realak ez du ezer egiterik izan asteburuan Atletic Terrasaren aurka: 1-4. Paletek sartu zuen txuri-urdinen gol bakarra, katalanek dagoeneko hiru goleko aldea zutenean. Azkenean, laugarrena ere sartu zuten Terrassakoek. Ligako bederatzigarren postuan dago Reala.

PARTIDAK

Izotz hockeya

Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia

  • Txuri Urdin 5 – Puigcerda 1

Gizonezkoen liga, 3. jardunaldia

  • Puigcerda 5 – Txuri Urdin 6

Futbola

Gizonezkoen liga, 9. jardunaldia

  • Atletiko Madril 2 – Reala 1

Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia

  • Bartzelona 3 – Reala 0

Saskibaloia

Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia

  • Celta 55 – Ibaeta Basket 93

Gizonezkoen bigarren mailako liga, 1. jardunaldia

  • Lleida 75 – Gipuzkoa Basket 68

Eskubaloia

Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia

  • Elx 22 – Bera Bera 32

Belar hockeya

Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia

  • Reala 1 – Atletic Terrassa 4
HITZAkide HITZAkide