Correoseko garbitzaileek greba mugagabera deitu dute
Correosek azpikontratatua duen SCT- Limpiezas Córdoba enpresako garbitzaileek 10 egun daramatzate greban, azkeneko lau soldatak jaso ez izanagatik. Enpresa horrek 41 langile ditu Gipuzkoan (horien %96 emakumezkoak) eta adierazi dutenez, ez dituzte uztaileko, abuztuko, iraileko eta aparteko ordainsaria kobratu. Urriaren 2an hasi zuten hamabost eguneko greba, baina negoziazioen faltan, mugagabea bilakatu da: “Lan egin ala ez, ez dugu kobratuko; eta Correosek, ez du ezer aldatu”.
Langileek azaldu dutenez, Correos taldeko erosketen zuzendaritzaren erantzuna jaso dute azken egunotan, enpresaren aurkako espedientea ireki dutela jakinarazita. Nolanahi ere, ez daude ados enpresaren jarraipenarekin eta kontratua eteteaz gain, soldata horien ardura hartzea eskatzen diote taldeari:” Oraindik ordaindu gabe dauden nominen ordainketa bermatzeaz Correos arduratzea exijitzen dugu. Ez da posible 24 miloi baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko batean langileak kobratu gabe egotea”.
Era berean, ulertezina iruditzen zaie, Correosek, beste estatuko beste zonalde batzuetan arazoak zituen enpresa kontratatu izana. “Elxen arazoak zituztela jakiterakoan, larritu egin ginen, baina lasai egoteko esan ziguten eta aukera bat eman genion”. Enpresa Gipuzkoako garbitzaileen ardura hartu zuen urtarrilean, eta geroztik arazoak egon dira kobratzerako orduan. “Hilaren 3an, 15ean eta 21ean kobratu dugu. Ez dugu inolako bermerik izan”. Egoera honen aurrean, greba mugagabearekin jarraituko dutela baieztatu dute, “langileen soldatak ordaintzen dituen arte” bederen.