Hasi dira Martuteneko jaiak!
Asteburu honetan dira Donostiako auzoetako azken bi jaiak, Martutenekoak eta Amara Berrikoak, eta asteazken iluntzean lehertu dira Martutenekoak. Haur eta gazteentzako jolasen ostean, danborrada auzoa girotzen hasi da, ikastetxetik abiatuta.
Alai tabernara iritsi dira, eta tabernaren gaineko etxebizitza batetik bota dute jaien hasierako txupinazoa. Gazte asanbladako bi kidek hartu dute hitza lehenik, eta, txalo artean, jai batzordeko Ainhoa Lasarterekin gogoratu dira hitzartzean, aurten ezin baitu jaien antolaketan egon, ebakuntza bat dela eta. Ondoren, auzoan egoitza duen Donostia Arraun Lagunak klubeko arraunlariek hartu dute hitza, eta Euskotren Ligako eta Kontxako Banderak auzoari eskaini dizkiote, metxa piztu, txupinazoa bota eta jaiei hasiera eman aurretik.
Martutene jai giroan murgildu da, eta asteburu luzea dute aurretik, hemen kontsultatu dezakezuen egitarauarekin. Bestalde, jarraian ikus ditzakezue jaien hasierako argazkiak eta bideoa: