Lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte EHUko langileen greba egunean
EHUko ehunka langilek elkarretaratzea egin dute Handia kalean – Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean- , LAB, ELA, Steilas, eta CCOO sindikatuek deitu duten greba egunaren baitan. Irakasle eta ikertzaileek adierazi dutenez, euren lan baldintzek nabarmen egin dute okerrera azken urteotan, eta langileen prekarizazioak zuzenean eragin du irakaskuntzaren kalitatean: “Bikaintasuna aipatzen badute ere, Shangai zerrendarekin liluratuta badaude ere, lan baldintza duinik ez duen langile taldearekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu”.
Elkarretaratzearen ostean irakurritako komunikatuan azaldu dutenez, grebaren pizgarria irakasleen baja eta baimenen ordezkapenak izan dira. Izan ere, “800 eurotan kontratatutako lanaldi partzialeko” irakasleen bidez betetzen dira lanpostu horiek. Nolanahi ere, argi utzi dute ez dela “eragile bakarra”izan, EHUko zuzendaritzak aldebakartasunekin ezarritako neurriek irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak nabarmen kaltetu dituelako azken urteotan: “Lan zama handitzea, irakaskuntza bosturtekoak ukatzea, langile taldearen ezegonkortasun handia, ikertzaileen deuseztapena, aldebakarreko campusen itxiera, burokrazia handitzea… “.
Hona hemen elkarretaratzeko argazkiak:
Neurri horiek azken urteetakoekin pobretzearekin egin dute bat, eta egoera jasangaitza bilakatu da askorentzat. Azaldu dutenez, urteetan erosahalmenaren galtzen joan dira, osagarriak izoztuta dauzkate 2006tik, eta irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak, hezkuntza ez unibertsitarioko irakasleenak baino baxuagoak dira. Era berean, finantzaketa gehiagoren beharra aldarrikatu dute: “Ez da batere nahikoa. 2022an EAEko Barne Produktu Gordinaren %0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa.”
Horiek horrela, EHUko zuzendaritzari norabidea aldatu dezala eskatu diote, baita Eusko Jaurlaritzari ere: “EHUrako nahikoa baliabide bideratu behar dituela, baita bere langileen soldatak duindu ere”. Edonola ere, lan baldintza duinak dituen unibertsitate publikoaren aldeko borrokan jarraituko dutela baieztatu dute; horretarako, greba jardunaldiei jarraipena emango diote urriaren 25ean, sektore publikoko greba egunean.