Super Xaguren lehen gurtza eguna ospatu dute Amara Berrin
Jai egun arrotzari aurre egiteko jarduerak antolatu ditu Amara Berriko Jai Batzordeak urriaren hamabi honetan, eta Super Xagu izan da ohoratu duten ikur bakarra. Eguzkia eta beroa lagun, 13:00tan hasi dute gurtzaren bertso poteoa Ilunki Kultur elkartean, eta auzoan zehar eraman dute sagu preziatua. Bertako trikitilari eta panderojoleez gain, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Asier Ibarguren eta Nerea Elustondo ibili dira bertsotan, eta Manex Goñik egin ditu gai jartzaile lanak. Pare bat orduko ibilbidean jokoak egin dituzte entzuleekin, gurtza egun berriari bota dizkiote bertsoak, eta puntuka komentatu dituzte Armeria plazan egindako NAN jaurtiketak.
Hain zuzen, tradizioari eutsi diote Amara Berrin eta urteroko legez NANak jaurti dituzte, bizilagunen begiradapean. Beroketak egin ostean batzuk, lagunak animatuta beste batzuk eta lotsati samar bakarren bat ere. Denek ala denek bota dute nortasun agiria, baina gutxik lortu dute lau metroak gainditzea. Aurten 20 lagun inguruk hartu dute parte eta Peru Kortabarria izan da garaile. Amarako gaztea jaurtiketan lehena izateaz gain, luzera gehien lortu du, 21 metrorekin: “Harrotasuna sentitzen dut. Jaietan zehar egiten den lehiaketa entzutetsua da, saririk ez duen arren”. Kortabarriak, gainera, aurreko urteetako errekorra gainditu du, hiru metrotan. “Hemezortzi metrotan zegoen, eta pozik nago 21 metrotara iristea lortu dudalako. Ea datorren urtean beste norbaitek urrunago bota dezakeen”.
Horren aurretik Iñigo Temprano pala txapelketako finalerdiaz eta finalaz gozatzeko aukera izan dute Atano III.a kanpoko frontoian. Lehiaketan, Ane Arregi eta Kepa Bosch Izaro eta Maitane Gomez ahizpen aurka gailendu dira 22-10, eta pozik agertu dira lortutako sariarekin: “Garaikurraz gain, jogurtak eta herri bazkarirako bi sarrera txartel irabazi ditugu”.
Igandea bitartean jaietan murgilduko da auzoa. Kontzertuak, herri bazkaria, tortilla eta paella txapelketak, haurrentzako jolasak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte.