«Hedabideek zabaldutakoa gezurra da: ez zen inongo borrokarik izan Egian»
“Ez zen inongo borrokarik izan Egian. Gezurra da”. Leire Garciaren hitzak dira [izena asmatua da]. “El Diario Vasco-n zabaldu zuten ‘borroka jendetsua’ izan zela, eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak interbenitu behar izan zutela, gazte mordo bat identifikatuz eta katxeatuz. Baina hori ez da egia, ni bertan izan nintzen eta ez zen inolako borrokarik izan”, azaldu dio hedabide honi Garciak.
Gertaera joan den asteazkenean gertatu zen, 14:00ak aldera, Egiako Mandasko dukea plazan. Kale egoeran bizi diren pertsonei bazkariak banatzen dien elkarte batek, lokala itxita zuela eta, Egian egin zuen ohiko ogitarteko banaketa. “Normalean ez dute bertan egiten, baina egun berezia zenez, han elkartu ziren 50 bat gazte”.
Garciak den-dena ikusi zuen, eta, kontatu duenez, normalean baino jende gehiago zegoenez, tentsio apur bat sortzen hasi zen: “Itxuraz ez zegoen ogitartekorik guztientzat, eta euren artean ari ziren erdi broma, erdi jolasean elkarri kentzen. Baina egoera mingarria zen, batzuk jatekorik gabe geratu zirelako. Errefuxiatu zelai bat zirudien”.
Itxuraz, bizilagun batek poliziari deitu zion, borroka bat izan zela salatuz. “Orduan, hogei bat ertzain eta udaltzain agertu ziren, eta auto pila bat, eta gazteak identifikatzeari ekin zioten. Askok korrika ihes egin zuten, baina besteak paretaren kontra jarri zituzten”.
Jarrera arrazista
Garciak salatu duenez, nabaria zen poliziaren jarrera arrazista: “Deitu dute mairu batzuk ari direla borrokan, eta arabiar guztiak identifikatzen dituzte. Ez dute galdetzen zer arropa zeramaten, haientzat denak dira berdinak. Zuri batek egiten badu zerbait, zapatilen marka zein den ere galdetzen dizute”.
Txago kolektiboak oharra kaleratu du beste hainbat elkarte antiarrazistekin batera, eta salatu dutenez, “hau ez da kasu isolatu bat, egunero ematen dira gure Donostian horrelako operazioak”. Salatu dutenez, EL Diario Vasco-n ateratako “informazio faltsu eta erdizkakoekin” kontuz ibili behar da: “Albiste mota hauek estruktura kapitalista eta arrazista puzteko eta bizilagunen arteko indarkeria eta jarrera baztertzaile arrazistak bultzatzeko besterik ez dute balio”. Hauek dira salaketarekin bat egin duten kolektiboak: Erratiko camino, Harrera Sarea, SOS arrazakeria, ODS eta kaleko afari solidarioak.