Pizten hasi da, auzoz auzo, greba feminista orokorra
2018ko eta 2019ko greba feministek mugarri bat suposatu zuten Euskal Herriko mugimendu feministaren historian. Aspaldian ikusi gabeko mobilizazioak ikusi ziren hirian, eta belaunaldi oso bat politizatzen eta aktibatzen lagundu zuen. Indar hori berreskuratu, eta aldarrikapen bat gorpuztuko du orain mugimendu feministak: «Denon bizitzak erdigunera».
Zaintza «erdigunera ekarri» eta «familiarizatua» eta «pribatizatua» izateari utz diezaiola exijituko du mugimendu feministak. Aspaldi ohartarazi zuten eztabaidaren urgentziaz, eta mobilizazioen beharraz. Greba feminista orokorra antolatu dute azaroaren 30erako, eta Donostiako mugimendu feminista buru-belarri hasi da antolaketa lanetan.
Asanblada feministako kideek adierazi dutenez, «barne lanketa handia» egin dute azken hilabeteotan, eta orain kanpora ateratzeko unea da. «Auzoz auzo antolatuko da borroka, eta horretarako, auzoetako asanblada mistoak sortzen ari gara». Azken urteotako joerarekin alderatuz, «berrikuntza» da asanblada mistoak deitzea, azaldu dutenez: «Zaintzaren aldeko borrokan denok dugu eta ardura». Hori bai, «bigarren mailako protagonismo bat» izatera deituak daude gizonak eta erabakigune nagusietan ez dira egongo.
Zaintza iraultzeko
Zaintza bera ulertzeko modua irauli nahi du mugimendu feministak: «Zaintza bizimodu duina eraikitzeko oinarria da. Gure gorputzen eta gure komunitateen iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa». «Gaur egungo sistema ekonomikoak kalteberatasun egoeran jartzen gaitu, ez baitu kontuan hartzen zer garen: ekomendekoak eta interdependenteak», gehitu dutenez.
Zaintza, ekonomiaren sostengu
Mugimendu feministak dioenez, zaintza lanek sistema ekonomiko osoa sostengatzen dute: «EAEko datuen arabera, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa Barne Produktu Gordinaren %27,7koa izan zen 2018an, hau da, 21.296 milioi eurokoa».
Edonola, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Mugimendu feministak salatzen duenez, EAEn EAJk eta PSE-EEk, eta Nafarroan «alderdi neoliberal ultrakontserbadoreek», negozio egin dute zaintza lanekin: «Azken hogei urteotan, sistematikoki pribatizatu dituzte ahal izan dituzten zaintza zerbitzu publiko guztiak». EAEn adinekoen egoitzen titulartasun publikoa «ez da %9ra iristen», salatu dutenez.
Emakume arrazializatuengan pisua
Jakina da, zaintza lana emakumeen bizkar erori dela historikoki. EAEko Denbora Aurrekontuen Inkesten arabera, emakumeek etxeko eta zaintza lanen %70 inguru egiten dituzte.
Bereziki etxeko langileengan jarriko du arreta mugimendu feministak, «esplotazio handiena sufritzen dutenak» direlako. Emakumeak dira %80 eta egoera administratibo irregularrean daude %29,9.
Trabajadoras No Domesticadas elkarteak honela jasotzen du: «Etxeko langileen barruan, kanpoko erregimenean lan egiten dutenen artean, emakume etorkinak zein bertakoak daude; aldiz, barneko erregimenea —egoiliar gisa— lan egiten dutenen barruan %93 eta %99 artean dira emakume etorkinak».
Ohartarazi dutenez, «lautik bat egoera irregularrean dago eta 24 orduko lana egiten du, aste osoan egunik libratu gabe. Eguneko etxeko langileen kasuan, askotan astean ia 70 orduko lanaldiak egiten dituzte, eta gehien-gehienek, hitzez adostutako akordioak baino ez dituzte».
Donostian, auzoz auzo
Donostiako Asanblada Feminista grebaren antolaketan murgilduta dago. Egian eta Parte Zaharrean sortu dira asanbladak, eta datozen egunotan hasiko dira beste auzoetan antolatzen. Aldarrikapen orokorrak «Donostian lurreratzen» saiatuko direla baieztatu dute, sindikatuen eta eragileen laguntzaz.
Txarako langileen borrokalditik hasita, ia esklabotza egoeran etxean lan egiten duten emakume arrazializatuetaraino, inguruan baditugu ehunka adibide, eraldaketa urgentziazkoa dela baieztatzen dutenak. Hilabete barru dugu horri buelta ematen hasteko lehen aukera.