'Datsun' filmak irabazi du Donosskino jaialdia
'Datsun' filmeko irudi bat. (Argazkia: Donosskino) Mark Albiston zeelandaberritarraren Datsun filmak irabazi du VII. Donosskino jaialdiko film labur onenaren saria. Halaxe argudiatu du epaimahaiak bere erabakia: “Datsun garrantzi sozial handiko gaietan barrena ibiltzen da modu sotilean, ikuslea harrapatzen duten baliabide zinematografiko bikainez baliatuz, eta aldi berean hausnarketarako pausu bat ereiten dute”.
Gainera, Aitzol Saratxagaren Lanbroa lanak irabazi du euskal film labur onena saritzen duen Etxean Shortuak saria. Publikoaren saria Whirlpool 3933 filmarentzat izan da. Gainontzeko saridunak honakoak izan dira: Ulises lanak epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu du, interpretaziorik onenaren saria Pablo Molinerok irabazi du Solo filmeko lanagatik, eta Euskal Herriko zinekluben zirkuituaren K saria Fairplay filmarentzat izan da.


