Tabakaleran jarriko diren hiri altzarien lehiaketa egingo dute
Tabakalerako Medialab gunearen ataria. (Argazkia: Tabakalera) Tabakalerak, BASKEGUR Euskadiko Egurraren Elkartearekin eta EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoarekin lankidetzan, Tabakalera eraikineko bigarren solairuko atarteko hiri altzariak diseinatzeko lehiaketa antolatu du. Ekipamendu publikoetan sormena eta berrikuntza sustatzea dute helburu erakundeek eta Arkitektura Eskolako ikasleei zuzenduta dago, zehazki.
Medialabaren atariko guneko altzariak izango dira hasieran, baina egungo trenbidearen gainean proiektatuta dagoen plazatik sartzeko sarrera berriaren parte izango dira etorkizunean. Azken batean, 30 bat lagunentzako tokia izango duen harrera, atseden eta ikasketa leku bat sortzea bilatzen du lehiaketak. Era berean, antolatzaileek azaldu dutenez, oso kontuan izango da sorkuntza garaikidera eta artearen eta kulturaren zabalkundera bideratutako zentro baterako gunea sortu behar dela. Horrenbestez, bikaintasuna eta berritasunaz gain, jasangarritasuna eta eko diseinua erdigunean izango ditu lehiaketak, eta lehengai nagusi gisa PEFC jasangarritasun ziurtagiria duen hurbileko zura erabili beharko da ezinbestean.
Antolatzaileek adierazi dutenez, sariketa honetarako berariaz prestatutako proposamen berriak egin beharko dira. Online aurkeztu beharko dira proiektuak azaroaren 30a baino lehen, eta 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia. Irabazlearen proiektua fabrikatzeaz gain, 2.000 euroko sari ekonomikoa jasoko du garaileak.

