Zardoya-Otis eremuko proiektuaren aurka mobilizatuko dira
Zardoya Otis eremuan egin nahi duten hirigintza proiektuaren aurkako mobilizazio bat.Nerea Lizarralde Herripe auzo elkarteak deituta, giza katea egingo dute larunbatean (hilak 21) Herreran, Zardoya-Otis eremuan egin nahi duten hirigintza proiektuaren aurka. Herrerako tren geltokitik abiatuko dira, 11:30ean, eta Ermitako bidean barrena egingo dute giza katea, salatzeko herritarrei “iruzurra” egin izana, proiektuari dagozkion gune berdeen 5.600 metro koadro Igeldon egingo dituztela, proiektuak “espekulazioa eta saturazioa” eragingo dituela eta proiektuan auzoarentzako “dotazioetarako inongo aurreikuspenik” ez dagoela. “Zerbait berdea” soinean eramatera deitu dituzte herritarrak giza katerako.
Zalaparta handia sortzen ari den proiektua da Zardoya-Otis eremukoa, eremu industrial degradatu horretan 400 etxebizitza inguru eraiki nahi dituelako Donostiako Udalak (%20 babes ofizialekoak eta %20 tasatuak), nahiz eta auzoko bizilagun eta eragile ugari aurka egon.
Hain zuzen ere, proiektuak sortzen duen haserrea argi gelditu zen duela duela gutxi udalak eta proiektua idatzi duten arkitektoek Tomasene Kultur Etxean egindako jendaurreko aurkezpenean. Herritarren iritzia eta auzoaren errealitatea kontuan ez izatea leporatu zioten han bildutako bizilagun ugarik Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari, eta benetako parte hartze prozesu bat eskatu zuten: “Parte hartzea ez da hona hitz egitera etortzea eta zuek gure haserrearen punching ball-a izatea, parte hartzea erabakitzea da, eta badaude horretarako baliabideak. Altzak berroneratze bat eta birikak behar ditu, baina zuek beti bezala jarraitzen duzue, auzoa jendez pilatzen. Eta ardura politiko erraldoia duzue”.

