Emisio Gutxiko Eremuaren harira hartutako erabakiak kritikatu ditu PPk
Borja Corominas PPren bozeramailea eta Vanesa Velez zinegotzia, udaletxearen aurrean egindako agerraldian. (Argazkia: PP) Donostiako Udalak erdigunean Emisio Gutxiko Eremua ezartzeko luzapen bat eskatu dio Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, eta, horren harira, arlo horretan hartutako erabakiak kritikatu ditu PPk. Hain zuzen ere, Borja Corominas bozeramaileak eta Vanesa Velez zinegotziak agerraldia egin zuten asteartean udaletxearen aurrean, eta zinta bat jarri zuten lurrean, udaletxea “Erabaki Txarren Eremua” dela adierazteko, eta ez Emisio Gutxiko Eremua. Ordea, ikuskizun kutsuko agerraldian ez zuten proposamen zehatzik egin, Donostiako PPren agerraldietan ohikoa izaten den moduan.
“Bata bestearen atzetik, gobernu talde honek mugikortasunaren arloan hartu dituen erabaki guztiak kaltegarriak izan dira donostiarrentzat”, nabarmendu zuten popularrek, eta bereziki kritikatu zuten Olatz Iartza Mugikortasun zinegotziaren (EAJ) eta Marisol Garmendia Ekologia zinegotziaren (PSE-EE) jarduna.
PPkoen ustez, udal gobernuak ez dauka plan zehatzik mugikortasun arloan: “Donostiarrok, Erabaki Txarren Eremutik kanpo gaudenok, ezin dugu ulertu zergatik ez dagoen planik, tarteko mugarririk, azken helbururik, ebaluazio prozesurik eta kudeatzaile publikoen konpromisorik”. “Alderdi Popularrean mugikortasun iraunkorreko eta arrazionaleko plan baten alde lanean jarraituko dugu, donostiarrei une bakoitzean erabakirik onenak borondatez hartzeko aukera emango dien plan baten alde”, gaineratu zuten.


