Industria aurreratuaren topagunea egingo dute Donostian
Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erreminten XXIII. Kongresuaren urriaren 25etik 27ra izango da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Donostian. Kongresua bi urtean behin antolatzen du AFM Cluster erakundeak 1976az geroztik, eta fabrikazio aurreratuaren sektoreko enpresek ezagutzak eta esperientzia trukatzeko topagune nagusia da.
Azaldu dutenez, azken hiru urteotako “ziurgabetasuna eta eskariaren jaitsiera gorabehera”, sektoreko enpresek, oro har, “okupazio maila onari eutsi diote, eta, gainera, haien eskari zorroak nahikoak dira hurrengo urtean ere jarduera bermatzeko”. 2023. urtearen amaieraren zain, ikusteke dago nolakoa izango den bertako enpresentzat garrantzi handiena duten merkatuen bilakaera, besteak beste Alemania, Txina eta AEB.
Testuinguru horretan, ziurgabetasunarekin baina jarduera onarekin, 23. MHK, “erreferentziako ekitaldia fabrikazio aurreratu eta digitalaren arloan, topagune paregabea izango da sektoreko profesional askorentzat”. Alde batetik, dibulgazio kongresuaren hartzaileak izango dira kudeaketan eta arlo teknikoan erantzukizun handia duten pertsonak. Programak aukera emango die aurrez aurre ezagutzeko fabrikazio aurreratuari eragiten dioten zenbait arlotako joera nagusiak: etorkizuneko fabrikari buruzko dimentsio anitzeko ikuspegia, digitalizazio teknologia eta aplikazio disruptiboak, makina-erremintak, gehigarriak, robotika eta automatizazioa, jasangarritasuna edo industrian talentua erakartzea, besteak beste.
Bestetik, kongresu zientifiko-teknikoko hitzaldietan teknologia-zentroen, unibertsitateen eta enpresen I+G+b proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztuko dituzte; horien hartzaile objektiboek profil teknikoagoa izango dute, baita arazo konplexuak ebazteko xehetasunak ezagutzeko gogoa ere.
23. MHK ekitaldiaren programa bikoitzaz gain, 2023an segurtasun kongresua, eztabaidak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta B2B topaketak ere izango ditugu, networkinga sustatzeko eta hitzorduan parte hartuko duten 450 pertsonen artean lankidetza-aukera berriak sortzeko xedearekin. Egongo diren enpresa handien artean Microsoft, Telefonica, Cipherbit, Siemens, IBM, Renishaw, Aernnova, Gestamp, Petronor, Renfe, Fagor Automation, Tecnalia, Danobatgroup eta Airbus daude.