«Desazkunde turistikoa» aldarrikatu dute Donostiako kaleetan zehar
Ehunka lagun elkartu dira igande honetan Bizilagunekin plataformak Turistifikazioaren Aurkako Urriaren barruan deitutako manifestaziora, hiriko 30 eragile ingururen atxikimenduarekin. Bertan izan ziren, besteak beste, Uliako Auzo Elkartea eta Kaleratzeak Stop plataforma. Donostia desazkunde turistikorantz lelopean, udaletxea, Parte Zaharra eta Kursaala lotu zituzten. Azken horren atzealdean irakurri zuen manifestua Ramon Agirre aktoreak.
Bizilagunekin plataformak salatu du turismoari parez pare ireki zaizkiola ateak, eta horrek “inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri” dituela hirira. Era berean, kritikatu dute ez dela “turismoaren pisua gutxitzeko neurri eraginkorrik” hartu. Hala, plataformarentzat “desazkunde turistikorantz” bidera beharko lirateke indarrak: promozio turistikoa zerora murriztu, etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu, eta etxebizitza turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu eta gaur egungoak murrizteko prozesua abiatu, besteak beste.
Egoera horren aurrean batzeko eta elkar babesteko deia luzatu zuten plataformatik: “Gure hiriaz eta gure bizitzez ari gara. Donostia salduz aberastu nahi dutenak geldiarazi behar ditugu”.
Jarraian, manifestazioan zehar Joseba Parron San Sebastian argazkilariak ateratako argazkiak: