Egitarau oparoa prestatu dute San Martin egunerako
San Martin auzo elkarteak egitarau berezia prestatu du azaroaren 11n San Martin eguna ospatzeko. Berritasun gisa, egitaraua bezperan hasiko da, eta familian gozatzeko jarduerak ere izango dira.
Azaroaren 10ean, Laterne Sankt Martin kalejira egingo dute Deutsche Schule SS-ko LH1 eta LH3ko ikasleek, non beraien faroltxoekin (laterne) jai honetako betiko abesti alemaniarrak abesten dituzten. Auzo elkarteak azaldu duenez, eskola eta familia jarduera da, eta alemaniar izaera du, “Donostia eta Wiesbadenen arteko senidetzea indartzen” duena. 18:00etatik 19:00etara egingo dute kalejira.
Convent Gardenetik (Manterola kalea eta San Bartolome kaleen gurutzean) irtengo dira, Manterola kaletik jarraituko dute Kontxa pasealekurako irteeraraino, eta erlojuetaraino jarraituko dute. Bertan, bi edo hiru abesti abesteko geldialdia egingo dute. Jarraian, Zaragoza plazatik itzuliko dira eta Triunfo kalean zehar beste geldiune bat egingo dute. Azkenik, San Bartolome hasierako puntuan bukatuko dute.
Hona hemen azaroaren 11rako prestatu duten egitaraua osorik:
09:00etatik 10:30era: Udal Txistulari Bandak ibilbidea egingo du San Martin inguruan, eta hainbat geldialdi egingo ditu inguruko danborradak omentzeko.
11:00etatik 12:00etara: Omenaldia Convent Gardenen. Ekitaldi pribatu honetan Anastasio jatetxea omenduko dute, “San Martin auzoan duen antzinatasunagatik, bere ibilbidearengatik, Realeko lehen peña sortu izanagatik eta San Sebastian egunean danborradekin izan duen inplikazio aktiboarengatik”. Iñigo Manterolak San Martin auzo elkartearentzat sortu zuen eskulturaren erreplika bat emango diote. Ondoren, aperitibo bat izango da.
12:00etatik 14:00etara: Odolki dastaketa. San Martin auzoko ostalaritzak txerriarekin lotutako odolki edo pintxo bat oparituko die bere bezeroei. Horretarako, bezeroek auzo elkartearen txerritxo gorriak dituzten tabernak aurkitu beharko dituzte. Bi ibilbide egingo dituzte, musikarekin eta dantzarekin batera. Kantujira poteoa: Kontxako erlojuetatik irtenda, geldialdiak egingo dira Bar Swing (Londresko eta Ingalaterrako Hoteleko kafetegia), Lobo tabernan, Anastasio jatetxean, Pello tabernan eta Sebastopol tabernan. Plazadantza poteoa: Kontxako erlojuetatik irtenda, geldialdiak egingo dira Biarritz jatetxean, La Perla kafetegian, Ondartza tabernan, Bernardo Etxea jatetxean eta Sebastopol tabernan.
17:00etan: Erraldoi eta buruhandiak. Groseko Erraldoi eta Buruhandien konpartsak San Martin auzoko kaleak zeharkatuko ditu, eta haurrentzako txokolate jan batekin amaituko da, Londresko eta Ingalaterrako hotelean.