«Ez dut inoiz pentsatu komunak garbitzeagatik gutxiago naizenik»
2022ko urtarrilaren 12an lortu zuen mediku titulua homologatzea Tania Calderak. Nikaraguatik etorri zen, eta sei hilabeteko tramitea zena, bi urte luzez luzatu zen. Hainbat lan prekario egin ostean, orain bai, mediku gisa ari da lanean Loiolako Erriberako Mutuan. Amara Berrin bizi da alabarekin, eta Familia Lagunak egitasmoan parte hartzen du, bide luzearen ondoren, pozik
Gustuko lana egitea ez da erraza inorentzat. Migrantea bazara, are gutxiago. Esteli hirikoa da Tania Caldera (Nikaragua, 1986), eta 2019an etorri zen Donostiara, Amara Berri auzora bizitzera. Medikuntza ikasketak egin zituen Kuban, eta lan hori egitera etorri zen Euskal Herrira. Ordea, tramite hutsa zena espero baino askoz gehiago luzatu zitzaion.
«2019an migratzea erabaki nuen. Sei hilabete iraun behar zuen homologatze prozesuak; horrela zen, eta horrela esan zidaten niri», azaldu du Calderak.
Koronabirusa iritsi zen ordea, eta konfinamendua zela eta, dena atzeratu zen: «Sei hilabeteko prozesuak 25 iraun zituen».
Beste gauza batzuetan egin behar izan zuen lan Candelak: «Adineko bikote bat zaintzen izan nintzen, etxeak garbitzen nituen… Astelehenetik astelehenera egiten nuen lan». 10 urteko alaba ekartzea zen bere ametsa, eta, horregatik horrenbeste lan. «Hemen bakarrik nengoen, eta dirua behar nuen alokairua eta alabaren hegazkina ordaintzeko». «Urte eta erdiren ostean lortu nuen; eta nire ahizpa eta alaba ekartzea lortu nuen», dio, harro.
Homologazioa behin lortuta, arazo berri bat sortu zitzaion,
ez zuen lan baimenik: «Hor bai, oso frustratuta sentitu nintzen».
Tania Caldera
Koronabirusagatik atzeratua
Homologazioa «suposatzen da» koronabirusagatik atzeratu zela. Egoera «paradoxikoa» zen, zalantzarik gabe: «Krisi sanitario baten erdian, medikuak eta erizainak behar zirenean, hemen geunden gu, lanerako prest eta ezin lanik egin!», azaldu du.
«Nikaraguako zazpi medikuz osatutako kolonia-ghetto txiki bat dugu hemen», dio erdi barrez. Bera da homologatuta dagoen bakarra, eta gainontzekoak zain daude. Bertan dituen kideak bestelako lanak egiten ari dira orain: «Helduak zaintzen, garraiolari, edo egokitzen dena».
Homologazioa egiteko tramiteak aldatu egin dira Espainiako Estatuan eta orain azkarrago joango denaren esperantza dute, nahiz eta «lan asko dagoen» oraindik egiteko. «Nikaraguan hainbat lagun ditut ere zain, homologazioaren pendiente», azaldu duenez.
Nikaraguako egoera politiko aldrebesa
2018tik aurrera, egoera politiko «zaila» ari dira bizitzen Nikaraguan. Calderarentzat diktadura bat da bizitzen ari direna. «Estatuarentzat lan egitea jada ez zen oso ondo ateratzen. Estelin bizi nintzen, eta Matagalpara joan behar izaten nuen: bi ordu joan eta bi etorri. Zuzendaritzak egiten zuen presioa zela, eta egin behar nituen kudeaketak zirela, egoerak gainditu egin ninduen».
Egoera jasanezina zitzaion: «Hipertentsioa izan nuen. Ezin nuen gehiago, eta joatea erabaki nuen». Lehendik Kanadara eskatu zuen bisa, baina ukatu egin zioten, eta beraz, Espainian zuen amaren lagun baten bidez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen.
Etorkizun hobe baten bila
Ez gaude ohituta mediku bat lan prekarioak egiten ikustea. «Ez nuen pentsatzen espero egitea, baina ez nuen horretan pentsatzen», azaldu du. «Banekien niri dagokidan titulua lortzeko pasatu behar nuenetik pasatuko nintzela. Etorkizun hobe bat nahi nuen niretzat eta nire alabarentzat, ez dudalako nahi nire herrialdean haztea».
Azaldu duenez, lan gogorra den arren zaintza lana, «jende zoragarriarekin» lan egitea egokitu zitzaion. «Katolikoa naiz —ez dakit zuek ere hala zareten edo ez—, baina nik uste dut aingerutxo batzuk topatu nituela bidean, eta argitu egin zidatela nora joan behar nuen. Etxeko lan zailak egin behar nituen arren, oso-oso ondo tratatu ninduten beti, eta oso ondo egon nintzen».
Bere eginbeharra argi zuen hasieratik: «Ez dut inoiz pentsatu komunak garbitzeagatik gutxiago naizenik. Esan bezala, argi nuelako zein helburu nituen».
«Hemengo pertsona baten abala behar duzu etxe bat alokatzeko,
bakarrik joan ezkero, jai duzu!»
Tania Caldera
Homologazioa, lehen urratsa besterik ez
Burokrazia ez dago erraztasunak jartzeko egina, bistan da. Homologazioa behin lortuta, arazo berri bat sortu zitzaion Calderari: lan baimenik ez zuen.
Kontatu duenez, turista gisa sartu zen Euskal Herrian, eta ez zuen lan baimenik. «Hor bai; hor oso frustratuta sentitu nintzen».
Atzerritarren legea betetzea ia ezinezkoa da, lan baimena lortzeko etxebizitza kontratua eskatzen dute, etxebizitzarako lan kontratua edo errolda, erroldarako etxebizitza bat… Katebegia nonbaitetik haustea da aukera bakarra, eta «tranpa» egitea besterik ez dago.
Calderak pasaportea «galdu» zuen, eta Nikaraguara joan-itzulia egin behar izan zuen hamabost egunetan. Ordurako, jada bazuen lan elkarrizketa, eta sarrera berriarekin, lan kontratua egin zioten eta atzerritarren bulegoak onartu zuen.
Lan berrira moldatzea
«Lan hau aldaketa handia da», azaldu du. Caldera Mutuan dago lanean, baina Nikaraguan zirujia eta ortopedian egiten zuen lan. «Hemen bestelakoa da oso. Han edozer: arma zauriak, istripu erraldoiak… nik zer dakit, egunero zen zerbait berria! Mutuan gehiago dira balorazioak, ea lan istripua den, kontingentzia komuna den edo zer… Benetako medikuntzara itzuli nahiko nuke, noski!».
Lan berriarekin pozik dago, edonola ere. «Lanetik atera eta oinez noa etxera. Nikaraguan ez, han 18:00etatik aurrera gaua da, eta kaletik joatea oso arriskutsua zen niretzat».
Donostiak dituen ezberdintasun nagusietan klima aipatzen du. «Hotz honetara ez da inor ohitzen, Donostiako klima eroa dago!», dio barrez. Ingurukoekin dituen harremanek eta nola sortzen diren zer pentsatua eman diote: «Behin jendea ezagutzen duzunean, harremana oso ona da; baina lehenago ez».
Adibide bat jarri du: ahizpa, alaba eta bera kaletik zihoazen, eta zerbait barregarria gertatu zela eta, algaraka ari ziren, barrez lehertzen. «Bada, bikote heldu batek buelta eman eta eskandalua sortzen ari ginela aurpegiratu zigun. Zer molestatzen dio jendeari gainontzekoak zoriontsu ikusteak?».
Mota horretako komentario eta jarreren atzean, «konnotazio arrazistak» daudela uste du, zalantzarik gabe.
Migrante askok kontatzen duten gisan, higiezin agentziekin duten arazoa kontatu du. «Alokairuan dagoen etxebizitza batengatik galdetu, eta ez dagoela eskuragarri esaten digute. Gero onartzen dute etxejabeek ez dietela migranteei alokatu nahi, lehendik arazoak izan dituztenaren aitzakian», azaldu du.
«Hemengo lagun batekin joan behar izan nuen, eta orduan bai erakutsi zizkidaten etxeak. Hemengo pertsona baten abala behar duzu, bakarrik joan ezkero, jai duzu», salatu du.
Herrikideekin harremana lantzen
Komunitate nikaraguarrarekin duen harremanaz galdetuta, berarentzat «garrantzia handia» duela nabarmendu du. «Lokutorioetan bertako produktuak erosteko aukera dugu, eta hori ezinbestekoa da guretzat!».
Nikaraguar komunitate handia dago Donostian, eta babesa da askotan: «Zarautzen eta Lasarten nire hiriko jende dezente dago, pentsa. Saiatzen gara ahal dugunean elkartzen, oso festazaleak gara», dio barrez.
Zaporeak faltan botatzen dituenez, «sukalderako esku ona duten lagunez inguratzea garrantzitsua da. Hori, eta edatea! [barrez]».
«Gallopintoa ezin da faltatu: arroz eta babarrun oinarriz egindako platera. Artirinez ondutako tortillak, borona gazta, eta haragia».
Dantza maite du Calderak eta Groseko Caledonian eta Erreka tabernetara joatea da berarentzat aukerarik onena. «Azken honetan, nikaraguarrak dira zerbitzariak, eta badakite zeintzuk diren kantarik onenak». Badakigu hurrengoan nora joan, beraz.
Kuba mundu osoan da ezaguna bere osasun sistemagatik. AEBetako herritar asko joaten dira ere, bertako medikamentuak erostera. Mundu osora medikuak esportatzen ditu herrialde karibetarrak, eta ehunka dira, urtero, bekei esker bertan ikasten duten mundu osoko ikasleak.
Hain zuzen, 2006an joan zen Caldera Kubara, gobernuaren beka bati esker, 2012ra arte.
«Kuban egon al zara inoiz?», galdetu du. Ezezkoaren aurrean, joateko gonbita luzatu digu: «Kuba zoragarria da. Turista gisa joateko ondo dago, baina bertan bizitzea izugarria da, eta are gehiago unibertsitatean».
Ikasle bizitza Kuban, «eromena»
«Nire gurasoek hilabete hasieran bidaltzen zidaten dirua. Hilabete bukaeran, dirua bukatzen zitzaigunean, peso kubatarrak lortu, eta bertako jendearekin elkartzen ginen ahalik eta gehien».
Ikasle bizitza zer den ondo oroitzen du. «Kalean agertzen zen garagardo kamioi bat, eta han elkartzen ginen, edaten eta dantzatzen. Edozein igandetan antolatzen zuten izugarrizko festa. Oso zaila zen horrela ikastea!».
Nikaraguako kideez gain, Latinoamerika osoko eta Afrikako ikaskideak izan zituen: «25 nazionalitatetako jendea geunden elkarrekin ikasten».
«Gure blokean 165 emakume ginen. Txiletarrak, boliviarrak, kolonbiarrak, brasildarrak, paraguaitarrak, mexikarrak… denetarik! Imajina ezazu, hainbeste ikasle elkarrekin, zer zen hura. Dutxatzeko edo arropa garbitzeko txandak egin behar izaten genituen. Eromena zen, baina oso dibertigarria!», oroitzen du.
Hilabetean behin festa bat antolatu behar zuen herrialde bakoitzak, bere herriko kultura, jantziak, dantzak eta janaria aurkezteko: «Oso dibertigarria zen».
Egun oraindik badute harremana euren artean, sare sozialei esker. Eta horri esker ere elkar laguntzen saiatzen ari dira. «Homologazioarekin bezala, asko dira aurre egin behar diegun arazoak, eta elkar lagundu behar dugu».