Legazpiar bat atxilotu dute Donostian, haur pornografia zabaltzea leporatuta
Espainiako Poliziak Legazpiko gizonezko bat atxilotu du azken orduetan, Donostian, adingabeak galbideratzea leporatuta, haur pornografia edukitzeagatik eta internetez zabaltzeagatik. Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, praktika horiek deskargatzen eta zabaltzen ari zen etxebizitza bat atzeman zuen Legazpin. Adierazi dutenez, gogortasun handiko edukia zen, esplizitua izateaz gain, adin gutxiko adingabeei egindako sexu praktikak zabaltzen zituelako.
Internet zerbitzua eskaintzen dion hornitzailearen informazioari esker lortu zuen Poliziak gizona identifikatzea, eta zaintza eta ikerketa operazio baten bitartez iritsi dira berarengana. Hala, baimen judizial bat medio, gizona atxilotu zuten atzo Donostian, eta bere etxea miatu zuten. 46 urteko gizonak lau disko gogor, ordenagailu eramangarri bat eta CD eta DVDak zituen, haur pornografia artxiboekin. Materiala bildutakoan, atxilotua polizia etxera eraman dute, eta epailearen esku geratu da.