Euskal Hiria kongresuak aldaketa demografikoa, trantsizio energetikoa eta turismoa izango du aztergai
Azaroaren 27 eta 28an Donostiako Kursaal jauregian egingo den Euskal Hiria biltzarraren XXII. edizioak aldaketa demografikoak, hiri eta herrietako trantsizio energetikoa edo turismoaren trantsizioa izango ditu hizpide, besteak beste. Arazo eta erronka horietako bakoitza hitzaldi eta mahai inguruetan aztertuko da, eta bertaratutakoei eztabaidan parte hartzeko aukera emango zaie. Izan ere, lurraldeen antolaketaren eta erronken eraginaren arteko konplexutasunaren lantzea dute helburu, antolatzaileek adierazi dutenez.
Urteroko ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatu du, eta lurraldeak, hiriek eta herriek aurre egin behar dieten erronka berrien arteko erlazioa izaten du ardatz. Horretarako, hainbat sektore eta jarduera eremutako nazioarteko profesionalen partaidetza izaten du. Aurten, Kazumi Ogawa, Habitat- NBE Europako koordinatzailea, eta Giulia Testori, Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuko proiektu burua izango dira, besteak beste. Programan, halaber Europako, espainiar estatuko eta Euskal Herriko aditu anitzek parte hartuko dute, sektore publikoko arduradunak, sektoreko profesionalak eta ikerketa akademikoaren arlokoak barne.