GI-20aren eraldaketa eta etxebizitza publikoa sustatzea eskatuko du EH Bilduk udalbatzan
Bihar, urriak 31, hiriaren egoera eta erronka nagusiak lantzeko Politika Orokorreko Udalbatza izango da Donostiako Udalean, eta bilkuraren atarian, Juan Karlos Izagirrek, koalizio abertzalearen gakoak aurreratu ditu. Adierazi duenez, EH Bilduk hiriaren egoeraren diagnostiko “egoki, zehatz eta objektibo” bat egitea eskatuko dio Udal Gobernuari eta bi erronka nabarmenduko dituzte: GI-20aren eraldaketa eta etxebizitza eskubidea.
GI-20a
GI-40ra bideratutako trafikoak GI-20ko joan etorriak murriztu dituela probestuz, espazio publikoa berreskuratzeko proposatuko du koalizio abertzaleak. Hala, erdibituak izan diren auzoak jostea eta mugikortasun alorrean ekipamendu eta zerbitzuetan hobekuntzak egitea du helburu. Besteak beste, komunikazio zuzenagoak ezarri nahi dituzte ekialdetik mendebaldera modu zuzenean joateko, eta Dbuseko hainbat linearen ibilbideak aldatu, geltokiak ibilbide horretan ezartzeko. Era berean, zoru publikoaren berreskurapenak aukera berriak sortzen dituela adierazi du Izagirrek: “aparkalekuak eta etxebizitza babestuak egin daitezke”.
Pozez jaso du EH Bilduk proiektu hau EAJ-PSE gobernuaren agendan ikustea. “Egitasmo konplexua bada ere, adostasunerako aukera” izatea espero dute EH BIlduko kideek.
Etxebizitza publikoa
Agerraldian aurreratu dutenez, halaber, indarrean dauden etxebizitza legeak aplikatzea eskatuko du koalizio abertzaleak Politika Orokorreko Udalbatzan; hau da, 2015eko Etxebizitza legea aplikatuz, etxe hutsen errolda ofiziala egiteko eskaera egingo du, ondoren alokairura bideratu daitezen.
Nolanahi ere, EH Bilduk “ezinezko” ikusten du etxebizitza babestuentzat legeak ezartzen duen %20ra iristea —egun %4an dago—. Horrenbestez, etxebizitza partikularretan egiten diren erreformetatik eratorri daitezken kalifikazioak aldatzeko proposamena egingo dute, etxebizitza babestu gehiago lortu daitezen. HAPOaren aurreikuspenean planteatutako formula hura aplikatuko balitz, etxeetan egindako zatiketatik, dentsitate aldaketatik edo solairu gehikuntzetatik “4.400 etxebizitza babestu “eskuratuko liratekeela baieztatu du EH Bilduk.