Gau Beltzeko jarduerak, auzoz auzo
Gaur ospatuko dute Gau Beltza, eta azken urteotan ohikoa izaten ari den moduan, jarduerak antolatu dituzte Donostiako hainbat auzotan. Denetarik antolatu dute: kalejirak, ipuin kontalariak, eta abar.
Parte Zaharreakoak izan dira Gau Beltzaren harira mugitzen hasi diren lehenak, hainbat jarduera egin baitituzte larunbatetik hona. Gaur, ipuin kontaketarekin eta kalejirarekin borobilduko dute festa, besteak beste.
Bestalde, Egian, Ibaetan, Antiguan, Txomiñenen, Morlansen, Loiolako Erriberan, Añorgan, Buenavistan eta Altzan ere ospatuko dute Gau Beltza, astearte arratsalde-gauean bertan antolatutako jarduerekin.
Egian, 20:00etan hilerriko sarreran elkartuko dira mozorrotuta, eta kalejiran abiatuko dira auzoko kaleetatik. Ondoren, ipuin kontaketa, beldurraren pasabidea, zezensuzkoa eta beste hainbat jarduera izango dituzte. Ibaetan, 18:00etan hasiko dira, eta dantza, mozorro tailerra eta esku lanak egiteko aukera izango dituzte, besteak beste. Añorgan, 18:00etan hasiko dira aurpegi margotzearekin, eta dantza ikuskizunak, ibilaldia eta ipuin kontaketa izango dituzte, besteak beste.
Antiguan, frontoian egingo dituzte jarduerak, 16:30ean hasita; jolasak, ihes gela, dantza, txokolate jana eta zezensuzkoa izango dituzte, beste hainbat gauzaren artean. Txomiñenen, haurrentzako merienda, jolasak eta disko festa izango dituzte Lanberri auzo elkartearen lokalean, 19:30ean.
Loiolako Erriberan, 18:30ean hasiko dira Gau Beltza ospatzen, eta Arimen Biltzarra geldialdiak egiten joango da auzoko hainbat establezimendutan, gozokiak banatzeko. Morlansen, 19:30ean elkartuko dira Leire plazan, eta arimen ibilbidea egingo dute, baita bideo proiekzio bat ere. Altzan, haur eta gazteentzako jarduerak izango dituzte 17:00etan; dantza eta kantu ekitaldia, txokolate jana, beldurren erreketa eta arimen ibilbidea 19:00etan eta pintxoak eta Bull DJ-aren emanaldia 20:30ean. Azkenik, Altzako Buenavista auzunean euren Gau Beltz propioa ospatuko dute, 19:00etan Batelari plazatxoan hasita.