Alerta laranja aktibatuta dago olatuengatik
Giro bustia izango da asteburuan, eta gaur, ostirala, alerta laranja ezarrita dago olatuengatik. Babes zibilak jakinarazi duenez, sei metroko olatuak espero dira gaurkoan, eta 21:00ak arte indarrean egongo da alerta hori. Euskalmeten arabera, egunaren hein handi batean mendebaldeko haizea ibiliko da, indartsu kostaldean. Tenperaturak behera egingo du nabarmen, eta maximoak 10 eta 15 gradu artekoak izango dira.
Gainera, eguraldi txarra dela eta, hiriko hainbat parke erabat itxi zituzten atzo; tartean, Gladys Enea, Oroimenaren parkea eta Serafin Baroja. Cristina Enea Fundazioak jakinarazi duenez, momentuz Gladys Enea parkeak itxita jarraitzen du, udaleko teknikariek haizeteak eragindako kalteak ikuskatu arte eta sartzea segurua dela ziurtatu arte.
Bihar, egoerak hobera egingo du kostaldean. Olatuak hiru eta lau metro artekoak izango dira, eta alarma maila abisu horira murriztuko da. Hego-mendebaldeko haizea izango da protagonista eta oso zakar ibiliko da, batez ere egunaren lehen partean. Bestalde, euria ere egingo du; egunaren amaieran bustitzeko probabilitatea txikiagoa izango da eta ostarteak zabalduko dira. Tenperaturak gora egingo du, maximoek batez ere, eta 20 graduren bueltan ibiliko dira.
Igandean, berriz, mendebaldeko haizea ibiliko da eta oraindik ere zakarra izango da kostaldean. Alabaina, arratsaldetik aurrera indarra galduko du. Zaparradak botako ditu, eta bustitzeko probabilitatea handiagoa izango da egunaren bigarren partean. Edozein kasutan, euria tartekatua izango da. Tenperatura maximoak pixka bat jaitsiko dira.