Hogeita bi urteko desadostasunari amaiera eman diote Gipuzkoa Basket eta Askatuak klubek
Gipuzkoa Basket Kirol Sozietate Anonimoak eta Askatuak SaskiBaloi Taldeak (SBT) akordioa lortu dute, Nacho Nuñezek eta Iñaki Almandoz presidenteek sinatu dute. Akordioak hogeita bi urtez luzatu den erakundeen arteko “desadostasun sakon baten amaiera sinbolizatzen du”, azaldu dutenez, eta “bi kluben arteko harremanak berreskuratzeko eta normalizatzeko aro berri baten abiapuntua” da.
Sinatutako hitzarmenak duela bi hamarkada pasatxo sortutako haustura gainditzeko bokazioa duela adierazi dute, Askatuak SBTren ordez Gipuzkoa Basket S.A.D. jarri baitzen Gipuzkoako saskibaloiaren elitean erreferentziazko klub gisa, “adiskidetasunik gabeko eta adostu gabeko erreleboko prozesu administratibo bat amaitu ondoren”.
Hitzarmen hau sinatuta, Gipuzkoa Basket SAD-k aitortu egin nahi du Askatuak SBT-ko arduradunek ia mende erdiz klub gisa egindako lana, “Gipuzkoan eliteko saskibaloiak hogeita sei urtez bizirautea ahalbidetuz eta kirol hori haur eta gazte askori erraztuz, bere prestakuntza taldeen bitartez”.
Gainera, armarri ofizialaren erdigunean Askatuak SBTren kirol-logoa barneratuko du, eta erakundearen izena gehituko dio erregistroan Donostia Askatuak Gipuzkoa Basket S.A.D. gisa inskribatutako izen berriari.