Lidergoa nahi duela erakusteko partida dauka Ibaeta Basketek
Ibaeta Basketen denboraldi honetako partida bat. (Argazkia: Ibaeta Basket) Denboraldi hasiera oso ona egiten ari da Ibaeta Basket, baina benetan zer maila duen erakusteko partida dauka gaurkoan, Valentziaren etxean jokatuko baitu 20:00etan. Ligako bigarrena da Valentzia, bost partidatik bost irabazita, eta laugarrena Ibaeta Basket, bost partidatik lau irabazita. Beraz, irabaziz gero, donostiarrek kolpe handia joko lukete mahai gainean, lidergoarengatik borrokatu nahi dutela argi utziz.
Saskibaloiarekin jarraituz, Gipuzkoa Basketek Menorca hartuko du etxean igandean. Jokatutako bost partidetako lau irabazi dituzte donostiarrek, laurak jarraian, eta maila ona erakusten ari dira. Menorca sailkapenaren erdialdean dago eta postuak igo nahi ditu; beraz, gogor lan egin beharko dute etxekoek.
Futbolean, Realeko mutilek Bartzelonaren aurka jokatuko dute larunbat gauean Anoetan. Buñolen aurka errotazioak egin ostean, ohiko titularrak atseden hartuta iritsiko dira neurketara, eta, beraz, ez dizkiote gauzak erraz jarriko talde katalanari. Neskei dagokienez, ligako azken partidan Athleticen aurka galdu ondoren, garaipenaren bidea berreskuratu nahi dute larunbatean, Vila-reali irabazita. Aurkari zuzenak dira valentziarrak, hamargarren sailkatuak baitira txuri-urdinak, eta hamabigarrena itsaspeko horia.
Eskubaloian, Bera Berak sendo jarraitzen du ligako lidergoan, eta ez dauka hortik jaisteko asmorik. Horretarako, ordea, Oviedori irabazi beharko dio larunbatean, etxean. Ez litzateke neurketa zaila izan beharko donostiarrentzat, Asturiaskoak ligako azken-aurrenak baitira.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek baino ez dute jokatuko asteburuan. Bartzelona hartuko dute etxean larunbatean, donostiarrentzat aurkari zuzena. Izan ere, ligako hirugarren postuan dago Txuri Urdin, eta laugarrenean Bartzelona.
Azkenik, belar hockeyan, Realak Junior klubaren etxean jokatuko du igandean, eta azken partidotako irregulartasunari buelta eman nahi diote, garaipenaren bidea hartuz. Ordea, ez da batere neurketa erraza izango, ligako liderra baita Junior.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumeen liga, 6. jardunaldia
- Valentzia — Ibaeta Basket (ostirala, 3, 20:00)
Gizonen bigarren mailako liga, 6. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Menorca (igandea, 5, 18:00)
Futbola
Gizonen liga, 12. jardunaldia
- Reala — Bartzelona (larunbata, 4, 21:00)
Emakumeen liga, 7. jardunaldia
- Reala — Vila-real (larunbata, 4, 12:00)
Eskubaloia
Emakumeen liga, 10. jardunaldia
- Bera Bera — Oviedo (larunbata, 4, 18:00)
Izotz hockeya
Gizonen liga, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin — Bartzelona (larunbata, 4, 14:30)
Belar hockeya
Emakumeen liga, 9. jardunaldia
- Junior — Reala (igandea, 5, 11:00)

