Ziria edo mamia!
Halloween edo Gau Beltza. (Argazkia: Joseba Parron) Halloween sekula ospatu ez dugula eta, zenbat kritika, zenbat aurpegi oker, dendetako dekorazio eta «tradizio amerikarrak» kritikatzen. Gogoratu naiz, bat-batean, Julio Medemen La Pelota Vasca dokumentalean, Arnaldo Otegik nola esaten zuen, apur bat out of context: «Lekeition edo Zubietan hanburgeserietan jaten denean, eta rock musika amerikarra entzuten denean, eta mundu guziak arropa amerikarrak janzten dituenean, eta bere hizkuntzaren ordez ingelesa hitz egiten dutenean, eta mendiak begiratu ordez Internet bidez funtzionatzen duenean, mundu hori horren-horren aspergarria izango da, guk ez dugula bertan bizi nahiko».
Alemanek esaten omen dute kontuz edukitzeko haurra bainuontziko urarekin batera leihotik ez botatzearekin. Analisiak egiteko brotxa lodiek ez dutela balio, euliak bazukarekin hiltzea ez dela egokiena, alegia.
Zorionez, bada azala eta mamia bereizten duenik, eta behin pentsatzen jarrita zukua ateratzen duenik. Urte batzuk atzera hasi zen zabaltzen «tradizio amerikar» horren benetako oinarria Europako herri zeltak izan zirela. Tartean, euskaldun edo protoeuskaldunak. Azken urteotan tradizio zaharberritua den Gau Beltzak hiriko auzo guztiak hartu ditu, merke-zurreko mozorroetatik aldendu eta bestelako iruditeriak entseatuz.
Mamia oraindik faltan, baina heriotzari aurre egiteko bide ez katoliko guztiak esploratzearen alde ni. Ez katoliko, baina sakratuak, ahal dela. (Azken ideia hau garatzeko).

