Aldaketak egingo dituzte Dbusen 13, 17 eta 26 lineetan
Aldaketak egiten jarraitzen du Dbusek, “puntualtasun arazoak konpontzeko”. Oraingoan, 13, 17 eta 26 lineen maiztasunak txikituko dituzte, hau da, denbora gehiagoan behin pasatuko dira. Urriaren hasieran iragarri zuen autobus konpainiak aldaketa ugari egingo zituela hainbat lineen ibilbideetan eta maiztasunetan, ordutegiak mantentzeko helburuak okerrera egin duelako azken hilabeteotan, azken zirkulazio aldaketak tarteko, eta gidarien atsedenarekin bermatzeko arazoak dituztelako. Aldaketetako batzuk dagoeneko aplikatzen hasiak dira, eta aipatu hiru linea horienak aplikatuko dituzte datorren astelehenetik aurrera (hilak 13).
13 (Altza) lineari dagokionez, lanegunetan 7-8 minutuan behin pasatuko da 9:00etatik 12:00etara, 14:30etik 16:30era eta 19:30etik 21:00etara, orain 6-7 minutuan behin pasatzen den bitartean. 17 (Gros-Amara-Miramon) linea hamabi minutuan behin pasatuko da lanegunetan aurrerantzean (09:00etatik 20:00etara), hamar minutuan behin pasatu beharrean. Azkenik, 26 (Amara-Martutene) linea hamabost minutuero pasatuko da lanegunetan (09:00etatik 20:00etara), hamabi minutuero pasatu beharrean.
Autobusak denbora gehiagoan behin pasatzen ari badira ere, nabarmentzekoa da Dbusek inoiz baino erabiltzaile gehiago izan zituela irailean, 2.657.183 bidaiarekin.