Belaunaldien arteko etxebizitzen jardunaldia egingo du Euskadiko Gazte Kontseiluak
Txirikorda Usurbilgo belaunaldien arteko etxebizitzen proiektua da. Euskadiko Gazte Kontseiluak (EGK) eta Donostiako Udaleko Gazteriak ‘Gazteak eta belaunaldi arteko etxebizitzak’ jardunaldia antolatu du azaroaren 22an, arratsaldeko 18:30ean, San Telmo Museoko areto nagusian. Bertan, belaunaldi arteko etxebizitzei ertz desberdinetatik heldu dieten gazteak izango dira mahai inguruko hizlari, euren hausnarketak, ikerketak eta bizi esperientziak partekatzeko. Lau proiektu edo egitasmo izango dituzte hizketagai: Usurbilgo Txirikorda, Arrasateko La Merced proiektua, Alicanteko Plaza América, eta Kuvu.
EGK-k azaldu duenez, emantzipazioa eta etxebizitza autonomikoki jarduteko funtsezko beharrak dira. Euskal gazteria, baina, “egoera dramatikoan” dago, izan ere, bataz beste 29,7 urterekin emantzipatzen dira euskal gazteak. Kontseiluaren aburuz, halaber, etxebizitzaren merkatuak ez du etxetik irtetea ahalbidetzen eta oso urriak dira familia eredu tradizionaletik harago eskaintzen diren bestelako etxebizitza aukerak.
Hori horrela, aurten, EGK-k belaunaldi arteko etxebizitzen gaiari heldu nahi izan dio beste behin, gazteen ikuspuntutik lantzeko. Era berean, azaldu dutenez, gaiari heltzeko unea iritsi da Eusko Jaurlaritzak Emantzipazio Estrategian horrelako proiektuak sustatzeko prestutasuna agertu duelako batetik, eta, bestetik, onura handiak izan ditzakeelako gazteengan: gazteen etxebizitza sarbidea ahalbidetzen duelako soldataren zati txiki ordainduta, eta gainera, komunitatea sortzen eta ehuntzen laguntzen duelako.
Azaldu dutenez, eredu berri hori gazteengandik gazteengana transmititzea da, ereduak izan ditzaken onura eta erronkak azaltzeaz gain. Era berean, gazteen iritzi eta beharrak bilduko dituzte, ondoren administrazioari helarazteko. Saioa ixteko, Barrexerka talderen emanaldia izango dute, afera umoretik ere lantzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldian parte hartzeko derrigorrezkoa izango da EGKren webgunean edo esteka bidez izen ematea.

