Zinemaz hitz egiteko programazio bat prestatu dute Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak
Jaione Cambordaren 'O Corno' filmeko irudi bat. (Argazkia: Donostiako Zinemaldia) Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak zinemaz hitz egiteko urteko programazio bateratua aurkeztu dute. 2023ko azarotik 2024ko ekainera bitartean, bertako eta estatuko hogei zinemagilek baino gehiagok beren sorkuntzak eta zinema proposamenak egiteko garatu dituzten lan prozesuak azalduko dizkiete publikoari.
Jaione Camborda (Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi berri duena), Isabel Coixet zinemagilea eta Sara Mesa idazlea, Isabel Herguera, Juan Antonio Baiona zuzendaria eta Belen Atienza ekoizlea, Itsaso Arana edo Fermin Muguruza daude, besteak beste, programazio hori osatuko duten hizlarien zerrendan.
Hitzaldiak eta elkarrizketak
2020an, bere alderdi pedagogikoa zabaltzeko modu gisa, Tabakalerak Kontatutako zinea zikloa jarri zuen abian; zinegileentzako gonbidapena, aretoa bere egin zezaten eta laneko beren barne prozesuen berri eman zezaten. 2020tik 2023ra, 22 zinemagilek hartu dute parte Tabakaleran Kontatutako zinea saioetan. Datozen hilabeteetan, hamar bat zuzendarik euren filmen xehetasunak kontatuko dituzte Tabakalerako zinema aretoan. Saioak zuzenean jarraitu ahal izango dira, aurrez aurre; eta grabatu ondoren, Tabakalerako webguneko Kontatutako zinea ataleko ikus-entzunezko edukien eskaintzan sartuko dira.
Aldi berean, Koldo Mitxelena Kulturuneak, eztabaidarako, sorkuntzarako eta ezagutzarako guneak sortzen duen ibilbide luzearekin, Zinemagileen elkarrizketa ikastaroa sortu zuen Donostia Zinemaldiko Z365 eremuarekin eta Elias Kerejeta Zine Eskolarekin batera. Ikastaro horrek zinema sorkuntzaren intrahistorian jartzen du arreta, zinemagile baten eta film baten sail desberdinetan (gidoian, ekoizpenean, muntaian, musikan edo aktoreen zuzendaritzan, besteak beste) bere ohiko kolaboratzailearen arteko elkarrizketaren bidez.
Aurten Zinemagileen elkarrizketa Parte Zaharreko Santa Teresa komentura lekualdatuko da, Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla eta. Ikastaroak alderdi pedagogikoa nabarmenduko du, eta bertaratutakoei matrikula egiteko aukera emango die.
Bi programen bateratzeak egungo zinearen egoeraren azterketa sakona eskainiko du, eta tokiko eta estatuko esparruan egiten diren urteko ekoizpen zinematografikoen zabalkundea bultzatuko du.
Urteko programazioa
Programa bateratua azaroan hasi eta ekainean amaituko da, eta proposamen zinematografiko ugariren hogei bat protagonistek eta arduradunek hartuko dute parte:
–Kontatutako zinea: Matias Piñeiro (azaroak 11), Elena Martin (azaroak 16), Michel Gaztanbide (azaroak 25), Fermin Muguruza (abenduak 17), Jaione Camborda (urtarrila), Isabel Herguera (otsaila), Ion de Sosa (otsaila), Celia Rico (martxoa) eta Alberto Martin Menacho (apirila).
–Zinemagileen elkarrizketa: Taldean zuzentzea: Negu Hurbilak; zinea eta beste diziplina batzuk: Victor Iriarte eta Carlos Muguiro; opera prima bat egitea: Itsaso Arana, Laura Ferres eta Javier Macipe; literatura-egokitzapenak: Isabel Coixet eta Sara Mesa; film bat ekoiztuz: JA Baiona eta Belen Atienza; zinema idaztea: Belen Funes eta Marçal Cebrian eta animazioa: Isabel Herguera eta Pablo Berguer.

