Putodefendatzea aberria eta eskuinaren hipokrisia
Badakit ez dela guztiz serioa, baina barregurari ezin eutsi tarteka, ikusi ditudanean Madrilen poliziak eskuineko manifestarien kontra kargatzen. Eta hauek, sinistu ezinik, nola den posible! Barregarri dira eskuindarrak, bai, asmatzen dituztelako argumentu bitxiak, putodefendatzeagatik Espainia.
Gero barregura joan egiten zait, konturatzen naizelako beraiek direla gutaz barre egiten dutenak egun bat bai, eta beste bat ere bai.
Eta Madrilera joan gabe, zer gure eskuineko agintarien inguruan? Ukrainako bandera jarri zuten udaletxean, eta krokodilo malkoak han-hemenka, Palestinaz hitz erdirik egiten ez duten bitartean. Ezaguna nuen Elbira Zipitriak Israelen banderarekin zeukan argazkia, ELAren ekitaldi batean, 1960ko hamarkadaren bueltan. Orain, EAJkoak ikusten Israelen makurkeriei belarriekin txalo egiten, eta XXI. mendeko genozidiorik ankerrenaren aurrean mutu, sinestezina egiten zait.
Indarkeriaren inguruko eta etikaren inguruko eztabaidak ez zaizkit axola, eskuindarren ahotan badira. Dirua delako batzuen aberri bakarra.