Gudamendin usoak botatzen zituztenekoa
XX. mende erdialdean munduko eskopeta onenak Igeldoko lursailetan elkartzen ziren. Igeldotarrek ere harreman estua izan zuten Gudamendiko usakume tiroko eremuarekin, herritar asko lanean ibili baitziren bertan.
Igeldoko historia eta istorioak izeneko liburua argitaratu zuen Jabier Iraola Otamendik orain hilabete batzuk, eta inguruko 119 baserriez gain, herriko historiaren parte izan diren leku garrantzitsuei tartea eskaini die 560 orrialdez osatutako liburuan. Horietako bat da Gudamendi, edo Gulamendi, dokumentu zaharretako toponimian agertzen den moduan. Hamarkada luzetan, aberatsen bilgune garrantzitsu izateaz gain, Igeldoko bizilagun askoren lantoki izan zen.
Iraolaren liburuan jasotzen den moduan, 1930eko hamarkadan Fausto Gaiztarro Arana arkitektoak zuhaitz mintegi bat zuen Igeldoko lursailetan, eta 1933an tiro zelai bat eraikitzea erabaki zuen eremuari etekina ateratzeko asmoz. Urte horretan ospatu zen, hain zuzen ere, eremuak jasoko zituen hiru Munduko Usakume Tiro Txapelketetatik lehena. 375.000 pezeta banatu zituzten sarietan eta munduko eskopeta onenak bildu ziren Igeldoko zelaietan.
Lehiaketak izan zuen arrakasta ikusita, azpiegiturak garatzen ibili ziren hurrengo urteetan; besteak beste, egun zabalik jarraitzen duen hotela ireki zuten 1954an, izen berarekin. Berrikuntzak, ordea, xede jakin bat zuen, izan ere, urte horretan bertan, ospatu zuten bigarrenez Munduko Usakume Tiro Txapelketa.
Urte hartako kirol lorpenak biltzen dituen El Pais Vasco Deportivo liburuaren arabera, Francoren begiradapean egindako lehiaketak Espainia, Frantzia, Egipto, Grezia, eta Amerikako Estatu Batuetako jaurtitzaile profesional onenak bildu zituen. Horiek guztiek, bertan trebatzen ziren Victor Sarasketa, Agustin Aranzabal, Ramon Irazusta eta Bonifacio Guisasola Gipuzkoako txapeldun handien aurka ibili ziren norgehiagokan.
Aberatsen topaleku
Maila sozioekonomiko altuko klasearentzat sona handiko topalekua izateaz gain, diru iturri garrantzitsua zen hiriarentzat. 1960ko eta 1970eko udal gobernuek eliteko turismoa erakartzea zuen helburu, eta tiro txapelketak ziren bidaiari mota horren aisialdi eskaintzaren parte.
1969an, Munduko Plater Tiro Txapelketa antolatu zuten eta hiru urte beranduago, 1972an, jendearen oroimenean txertatuta geldituko zen munduko txapelketa ospatu zuten hirugarrenez Gudamendin. Iraolaren arabera, Igeldoko bizilagun askok oraindik gogoan du «zenbaterainoko jendetza gerturatu zen» bertara. Egun horretan argitaratutako El Diario Vasco egunkariak ere ekitaldiaren tamaina jaso zuen: «1954ko Mundu Txapelketa kenduta, ez da sekula halako eskopeta adina bildu Igeldon». Parte hartzen zuten 800 tiratzaileak ez ezik, ikusle andana ere gerturatu zen lehiaketaz gozatzera, eta trafiko arazo handiak eragin zituzten. «Autobus bereziak jarri ziren eta autoentzako ezohiko aparkalekuak egokitu arren, autoak aldapan ere aparkatu behar izan zituzten», azaldu du Iraolak.

Igeldoko bizilagunen lantoki
Igeldoko istorioak biltzen dituen liburuan azaltzen denez, Usakume tiro elkarteak eta Igeldoko bizilagunek harreman estua izan zuten irekita egon zen hamarkadetan zehar. Gaiztarro familia ahozko akordio batera iritsi zen herritarrekin, igeldotarrei lana emateko, eta senideek belaunaldiz belaunaldi errespetatu zuten. Batik bat, gizonezkoak ibili ziren lanean, eta lanpostua oinordetzan jasotzen zen, «aitarengandik semaearengana» edo etxeko beste senide batengana. Kantxa gainean zein azpian egiten zuten lan. Usakumeak prestatzeaz gain, kaiolak jaisten zituzten tiratzaileek abisua ematerakoan, eta tiroz botatako usakumeak biltzen zituzten hauen ariketa amaitzerakoan. Era berean, bi lagun arduratzen ziren tiraldira etortzen ziren bezeroen maletak autoetatik armategira garraiatzeaz.
Langileen artean gizonezkoak nagusi izan ziren arren, Igeldoko emakume askok ere bertan eman zituzten urteak. Tiroko instalazioak garbi mantentzeko ardura zuten gehienetan, eta zerbitzari lanetan aritzen ziren. Joakina Iraola Igeldoko bizilaguna, ordea, armategian ibili zen kartutxoak saldu eta eskopetak gordetzen.
Arrakastatik gainbeherara
1980ko hamarkadan Gudamendiko Tiroaren beheraldia hasi zen, eta elkarteko kideek desadostasunak tarteko, tiro eremuak betirako itxi zituen ateak 1992an. Egun, armak aldendu diren arren, ekitaldi jendetsu eta ezkontza handien gune izaten jarraitzen du.



